argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk zerrenda bateratuak osatzeko eskua luzatu die EAJri eta ezker konfederalari, Espainiara eta Europara begira
  • "Adostasun zabaleko gutxieneko programa amankomun bat" oinarrian izatea posible da, EH Bilduren esanetan. Zerrenda bateratuak osatzea lehenetsiko du Espainiako eta Europako hauteskundeetan, Frantziako Estatuko Fronte Herritar Berriaren tankera hartuta.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko otsailaren 10
Arnaldo Otegi otsailaren 10ean Euskadi Irratian.

EH Bildu koalizioak III. Kongresua egin du Iruñeko Balurte jauregian, joan den asteburuan, datozen urteetarako oinarriak finkatu eta zuzendaritza politikoa berritzeko. Ez zen zalantzarik eta bilkideek halaxe onetsi dute ia aho batez: Arnaldo Otegi izango da berriro idazkari nagusi.

Aurrera begirako txosten politikoa onartu du koalizioak, hiru proposamen zabal hauek aurkeztuta: nazio estrategia garatzea, Euskal Herri osoan ezkerreko abertzaletasuna, independentismoa eta subiranotasuna ordezkatzen jarraitzeko; adostasun zabaleko gutxieneko programa amankomunak osatzea gainontzeko alderdiekin, ez udal eta foru hauteskundeetarako, ezta erkidego mailakoetarako ere, baizik eta Espainiako eta Europako bozetarako; eta, azkenik, boterea eta gobernantza demokratizatzen jarraitzea, elkarlaneko gobernuak egituratzen ahaleginduta, herri parte-hartzea bideratuta eta beste indar politikoekin ardura eremuak konpartituta.

"Lehenbizi aberria, gero alderdia"

Bai Iruñeko kongresuan, bai kongresua amaitu eta biharamunean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, hauxe azpimarratu du EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik: "Lehenbizi aberria, gero alderdia. Alderdia baino gehiago, mugimendua gara; programa baten inguruan jende oso zabala elkartzea lortu dugu".

Zerrenda bateratuen ideia mahai gainean ipintzen duen ebazpenaz zera dio Otegik: "Hauteskunde batzuk ez dira izan behar gure artean lehiatzeko. Nazioa garela eta erabakitzeko eskubidea dugula pentsatzen duten guztiei egiten diegu proposamena. Madrilera eta Europara herri ahotsa eramango duen hautagaitza egotea proposatzen dugu, gutxiengoen programa baten inguruan elkartuta". 

Dena dela, zehaztapena ere egin du, "gai sozioekonomikoetan" ez baitute bat egiten EAJrekin, baina bai, aldiz, nazio ikuspegian. "Gero, han gaudela [Espainiako edota Europako parlamentuetan], bakoitzak bere ikuspegi ekonomikoa defendatu dezake", dio Otegik.

EAJri pilota

Joan den ostiralean ezagutu zen Andoni Ortuzarrek ez duela EAJren gidaritzan jarraituko, eta, barne prozesua amaitzean, martxoaren hondarrean, Aitor Esteban izendatuko dutela EBBko buru berri.

Otegiri galdetu diote gaiaz, eta ez da gehiegi busti, baina jakinarazi du Ortuzarrekin harreman estua izan duela, sarri bildu izan direla, eta "konfiantza-markoak" eraiki dituztela urteetan, nahiz gutxitan heldu adostasunetara: "Batzuetan akordioak egin ditugu, gutxienetan, eta gehienetan desakordioak". Tartean, zerrenda bateratuen gaiaz "informalki" mintzatu izan dira biak ala biak, Otegik esan duenez, baina inora heldu gabe. Aldiz, estatus politikoan indartzeko grina eduki dute biek eta azken boladan horretan aritu direla adierazi du.

Gauzak horrela, Estebanek EAJko aginte makila hartzean elkarlanak "bide beretik segitzea" espero du Otegik. "Hemen herri proiektu bat zehaztu behar da estatuarekin [Espainia] negoziatu baino lehen", Otegiren arabera, eta espero du Estebanen talde berriak Ortuzarren tankeran segitzea. "Guk ez dugu EAJrik gabeko Euskal Herririk irudikatzen, uste dugu EAJ sendo bat behar dela, jakina, gu goitik egonda, eta hori legitimoki borrokatuko dugu, baina bai uste dugu kolaboratzeko espazioak egon behar direla", finitu du Otegik.