argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik dieten itzulera oztopatuko dute Iruñeko Udalean
  • Iruñeko Udal Gobernua eskuratu eta berehala iragarri zuen Navarra Sumak, udal enpresetako kontseiluetan parte hartuko zuten euren ordezkariek dietak jasoko zituztela bileretan parte hartzeagatik.

Xabier Letona Biteri @xletona 2019ko urriaren 29a

Enrique Maya Iruñeko alkateak iragarri zuenez, Comiruña (merkatari txikiak), BCH (Iruñea Zentro Historikoa) eta Udalaren Operadore Energetikoaren enpresetako kontseiluetan parte hartzeagatik, bilerako 361 euro jasoko zuten Navarra Sumako hamalau ordezkarik. 2014a arte kargu publikoen dieten patrikaratzeak eskandalu handia ekarri zuen, bereziki Nafarroako Kutxako bileretara joateagatik jasotako dirutzengatik.

Aurreko legealdian, baina, gobernua sostengatu zuten lau indarrek kendu egin zituzten UPNk eta PSNk urte luzez mantendutako dieten sistemak. Diario de Noticias-ek kaleratu duenez, orain EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik akordioa lortu dute Comiruñan estatutuak aldatu eta teknikari gisa doazen udal ordezkariek ez dezaten dietarik jaso.

Agindutakoa bete dadin, Comiruñako Batzar Nagusiaren udal ordezkaritza ere aldatuko dute. Enrique Maya zen orain arte udalaren ordezkari, baina aurrerantzean Joseba Asiron izango da eta honen ordezko Maite Esporrín (PSN) eta Patxi Leuza (Geroa Bai) izango dira. Aurreko legealdian ez zituzten estatutuak aldatu udal ordezkariek uko egin ziotelako dietak eskuratzeari. Estatutuak aldatzeko bilera azaroaren 21ean egingo da Iruñeko udalean.