EH Bilduren mahai politikoak Pello Otxandiano Kanpo (Otxandio, 1983) aukeratu du, guztien adostasunez, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaritzarako. Arnaldo Otegik azaldu du EH Bilduren hautagaitzari fidagarritasuna, ziurtasuna, konpromisoa eta arima ekartzen dizkiola Otxandianok.
Pello Otxandiano Bizkaiko Otxandio herrian jaioa da eta bertan bizi da. Mondragon Unibertsitatean Ingeniaritza ikasketak egina da. 2011n Bilduren legeztatzearekin batera, zinegotzi hasi zen bere herrian. Gaur egun, EH Bilduren programa zuzendaria da.
Otegik abenduaren 11n eskainitako prentsaurrekoan azaldu du Pello Otxandiano “inbertsio kualitatiboa” dela, gaur egun koalizioko programa zuzendaria baita. Bere bertuteak azpimarratu dituenean hauek aipatu ditu: fidagarritasuna, ziurtasuna, konpromisoa, arima, eta Euskal Herriarekiko pasioa. Gehitu du euskalduna dela, euskararekin konprometitua eta bi alabaren aita.
Lehendakarigaia, gizonezkoa
Prentsaurrekoan, kazetari batek galdetu dio ea mahai gainean izan duten hautagaia emakumezkoa izatea. Otegik erantzun du baietz, beti dagoela mahai gainean generoa: “Feminismoarekin dugun konpromisoa agerikoa da. Orain arte emakumea aurkeztu dugu, Nafarroa Garaian emakumea aurkeztu dugu”, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko, eta Gasteizko eta Bilboko udaletarako emakumezko hautagaitzak ere gogoratu ditu. Eta hau gehitu du: “Pello Otxandianok, besteak beste, konpromiso feminista ordezkatzen du”.
Talde parlamentarioko bozeramailea eta legebiltzarreko lehendakaria
Koalizioak, lehenengo aldiz, talde parlamentarioan arituko den bozeramailea aukeratuko du, baita legebiltzarreko lehendakarigaia ere. Bi funtzio horiek hautatzea erabaki dute “hauteskundeek politikoki eta elektoralki hartzen duten garrantzia” kontuan hartuta. Alabaina, Otegik ez du bi aukeratuen izenik eman, oraindik erabakitzeke dituztela argudiatuta, baina “perfilatuta” dituztela gehitu du.