argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk ostalaritzako patronalarekin bilera egin du
  • Turismoaz eta dituen ondorioez hitz egiteko batu dira asteazken goizean Arnaldo Otegi buru duen EH Bilduren ordezkaritza bat Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresarien Elkartearekin.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 16a
EH Bilduk ostalaritzako patronalarekin bilera egin du. (Arg.: EH Bildu)

Azken asteetan izandako eztabaidei bide eman nahi dio koalizio independentistak eta turismoaren arazoari aurre egiteko irtenbideak bilatzen hasi. Joan den astean Otegik berak adierazi zuen EH Bildu ez dagoela “tourist go home”-ekin ados ezta “hemen ez da ezer gertatzen” diotenekin.

Donostiako Alde Zaharreko bizilagun elkartearekin bildu nahi dutela adierazi dute ere, baina ez dute oraindik datarik iragarri.

Gipuzkoako Diputazioko bozeramaile den Imanol Lasak adierazpenak egin ditu gaiari lotuta. Bere iritziz “Sortuk betidanik izan du turismofobia sentimendua, kanpotik datorren guztiari mania moduko bat”. Eztabaida ez dagoela kalean eta artifiziala dela adierazi du, eta ezker abertzaleari “manifestazioak egiteko aitzakiak” bilatzen aritzea leporatu dio.

Ernaik ostegunerako deitutako mobilizazioaren harira, turismo ereduaren gaineko eztabaidak erdigunea hartu du. Topatu-k egindako elkarrizketan beren iritzia azaldu dute gazte antolakundeko bi kidek: “Ez gaude turismoaren kontra, eredu honen kontra baizik”. Espazio publikoaren pribatizazioa, etxebizitzaren garestitzea eta lan prekarioak aipatu dituzte turismo ereduaren ondorio gisa.