argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk Nafarroako landa eremuko etxebizitzak birgaitzeko plan bat exijituko dio Nafarroako Gobernuari
  • Nafarren %68,3 biltzen dituzten 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatuko dituela aditzera eman du Begoña Alfaro kontseilariak. Albistea begi onez hartu arren, EH Bilduk aurrekontuak babestearen truke herrietan “hutsik dauden etxebizitzak bizigarri” egitea eskatuko duela aurreratu du Laura Aznal bozeramaileak.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2024ko azaroaren 07a
Wikimedia Josu Goñi Etxeb / Wkimedia/ Domeinu Publikoa

Azaroaren 5eko Nafarroako Parlamentuko eledunen prentsaurrekoan bi gai izan dira nagusi: Valentziako uholdeak eta Begoña Alfaro Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak iragarritako neurri berriak. Etxebizitzaren prezioak murrizteko asmoz, Foru Gobernuak 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatuko ditu, haien artean Iruñea, Tutera, Lizarra, Tafalla, Corella, Noain, Cintruénigo, Baztan eta Altsasu. Guztira biztanleriaren %68,3 hartzen dute.

Legebiltzarreko bozeramaile guztiak Valentzia eta inguruko biztanleriaz gogoratu dira haien mintzaldiaren hasieran. UPN, PP eta Voxek Espainiako errege-erreginen bisita txalotu eta Pedro Sanchezena kritikatu dutela kenduta, talde politikoen mezuen artean ez da desberdintasun nabarmenik egon uholdearen ondorioak deitoratu eta elkartasuna helaraztea lehenetsi dutelako errudunak bilatzearen gainetik. “Beranduago denbora izango dugu horretarako”, esan du PPko Javier Garcíak.

Etxebizitzaren inguruko neurriei dagokienez, ordea, Garcíak gogor kritikatu du Nafarroako Gobernua: “Beste behin ere lege berri bat ezkutuan garatzen ari dira. Oso nekagarri da astero-astero azalpenak eskatzea, parlamentuko talde politikoek ezertaz informatzen ez gaituztelako. Agerian geratu da berriro gobernu honen gardentasun falta”. UPNko Javier Esparza, aldiz, ez da gai honetaz mintzatu eta Voxeko Maite Nostik “tentsioko eremuek bertako eskariarengan izango duten eraginaren inguruko kezka” adierazi du.

EH Bilduk oso bestelako irakurketa egin du. Laura Aznalen hitzetan “oso ona” da albistea eta “pozik hartu behar da”. Izan ere “aspaldi” ari ziren “neurri hau eskatzen”. Eledunak azpimarratu du proportzionalki estatuko beste edozein erkidegotan baino biztanle gehiagori mesede egin diezaiokeela neurriak.

Hala ere, Begoña Alfarok aipatutako udalerriak handienak direla gogorarazi du eta “landa eremua” ez ahaztea eskatu du Aznalek. EH Bilduk 2025eko aurrekontuak babestearen truke, “hutsik dauden landa eremuko etxebizitzak bizigarri egiteko konpromisoa” exijituko duela esan du. Horretarako ezinbestekoa izango da “gobernuaren eta udalen arteko elkarlana, hauek baitute hirigintzako eskumena”, gogora ekarri du.

Kolaborazio horixe bera aipatu du Contigo-Zurekineko Carlos Guzmánek eta “sektore pribatua” sartu du ere ekuazio horretan prezioen erantzule gisa. Azkenik, Geroa Baiko Pablo Azconak “etxebizitza eskubide unibertsala bermatzeko eta negozio ez bihurtzeko edozein neurri ona dela” eta “Gobernuaren politiken ildotik doala” esan du.