Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak kaleetan egotearen garrantzia azpimarratu du, “auzi nazionalei irtenbide demokratikoa emateko eztabaida” mahai gainean dagoelako eta euskaldunek “erdigunean” egon behar dutelako.
Azken bi urteetan azaroaren 20aren bueltan mobilizazioak egin ditu ezker independentistak, eta aurten ere “manifestazio nazionala” iragarri du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Azaroaren 18an Bilboko kaleetan bat egitearen garrantzia nabarmendu du, “lurraldetasunaren eztabaida ekidin ezina” den testuinguru honetan: “Euskaldunok eztabaida horretan paper zentrala izan behar dugu”.
Bi arrazoi aipatu ditu nazio gaiaren momentuko inportantzia azaltzeko. Batetik, egungo eredu autonomikoa “agortuta” dagoela, eta bestetik, “indar plurinazionalen babesa beharrezkoa” dela Espainian edozein “inbestidura aurrerakoi” egiteko. Espainiakoan ez ezik, Frantziako Estatuan ere nazio auzien eztabaida irekita dagoela nabarmendu du. Izan ere, kanakiar herria Emmanuel Macronen gobernuarekin elkarrizketan ari da konstituzioa aldatzeko proposamenak eginez.
Otegik gogorarazi du azaroaren 18an jada Espainiako panorama argituta egongo dela: “Ez dakigu zer gertatuko den baina bi aukera daude. Hauteskundeen errepikapena, edo PSOE eta Sumarren arteko koalizio gobernua. Gu bigarrenaren aldekoak gara, argi eta garbi”. Dena den, zehaztu du egoera edozein izanda ere mahai gainean egongo dela “arazo nazionalei eman beharreko irtenbide demokratikoa”. Are, ezker koalizioak uste du datozen hilabete eta urteak “markatuko” dituela lurraldetasunaren eztabaidak.
Etorkizunari buruz, halaber, Otegik erantzun du EH Bilduk badakiela “aukera errealak” dituela EAEko hauteskundeak irabazteko, baina ez daudela “obsesionatuta”. “Zuri-beltzeko” eta “agortutako” gobernu baten aurrean “alternatiba freskoa” direla dio.