argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk Madrili eskatu dio Araba “errespetatzeko” eta AHTren Miranda-Logroño ibilbidea baztertzeko
  • Arabako lurraldea iparraldetik hegoaldera errespetatzeko eskatu dio EH Bilduko Espainiako Gobernuari. Horretarako AHTren Miranda de Ebro-Logroño zatia baztertu behar dela uste du indar subiranistak.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 20a
Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko kidea.

Kike Fernandez de Pinedo Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaileak adierazi duenez, bere koalizioa Madrilek agertu dituen asmoen erabat kontra dago.

"Ikuspuntu ekologikotik guztiz suntsizailea" litzateke Araba zeharkatuko lukeen AHTren linea. "Nabarmenak da Euskal Y-a nolako orbanak eragiten ari den", azaldu du Fernandez de Pinedok, Urbinako eta Aramaioko obrak gogora ekarriz.

Gainera, uste du proiektuak arriskuan jartzen duela herrialdearen "ekosistema sozial, kultural eta ekonomikoa".

EH Bilduk Moncloari eskatu dio horrelako proiekturik gauzatu nahi badu, egin dezala hori eskatu duten lekuetan. "Ez dugu onartuko gure luraldea gehiago degradatzea, mugikortasun eredu antisozial baten barruko sekuentziaren ondorioz, batez ere kontuan hartzen badugu Arabako Errioxan inork ez duela eskatu eta ez duela behar horrelako zerbait".