argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk iragarri du osoko zuzenketa aurkeztuko diela Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei
  • EAJk PPrekin hitzartu dituen aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko diela jakinarazi du EH Bilduk, “Euskal Herritik kanpo eta ezkutuan” negoziatu dituztelako. Podemosek esan du aurrekontuek “desoreka” ekarriko dutela EAEra eta EAJk, berriz, ziurtatu du PPrekin negoziatu duela EH Bilduk eta Podemosek ez dutelako negoziaketarako aukerarik eman.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 21a
Iker Casanova eta Leire Pinedo EH Biludko legebiltzarkideak (Arg.: @ehbildu)

Iker Casanova eta Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideek eman dute koalizioaren erabakiaren berri: “Aurrekontuek ez diete herritarren beharrei erantzuten eta ezinbestekoa den zerga erreformaren alorrean iruzur baten atarian kokatzen gaituzte”, salatu dute.

EAJk “Espainiara eta eskuinera” begiratzea eta negoziatzeko borondaterik ez izatea kritikatu dute: “Txeke zuri bat eskatu zigun eta ez diogu eman. Gure proposamen egingarri eta neurtuak ez ditu onartu nahi izan”. “Arduraz” jokatzeko, aurrekontuei ezetz esan behar dietela azaldu dute.

Podemosek ere kritikatu du EAJren jokabidea: “Tamalez, aurrekontuetan estatuan dagoen desoreka Euskadira ekarriko dute: murrizketak, mesedeak, kromo trukaketak”. Aurreko astean jakinarazi zuen aurrekontuak onartuz gero, osoko zuzenketa aurkeztuko ziela.

Jeltzaleek, berriz, esan dute popularrekin negoziatu dutela “Podemos alde batera geratu delako eta Ezker Abertzaleak ez duelako benetan negoziatu nahi izan”. Estatuko aurrekontuei buruz ere mintzatu dira: “Helburu bakarrarekin egingo diogu aurre negoziaketari: Euskadira ahal dugun guztia ekartzea”.

Astelehenean sinatu zuten akordioa Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailuburuak eta Antón Damborenea PPren Ekonomia bozeramaileak. Popularrek aurrekontuen bozketan abstenitzeko konpromisoa hartu zuten, hainbat aldaketa egiteko hitzematearen truke. Sinatzaileen arabera, akordio “positiboa” izan da.