EH Bilduk Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikorako sailburu Bingen Zupiriaren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean argitu dezan euskal hedabideekiko izango duen politika eta hauekiko diru laguntzak banatzeko irizpideak.
Rebeka Uberak kezkagarritzat jo du komunikabideetan euskararen erabilera sustatzeko diru-laguntzei Jaurlaritzak eman dien norabidea.
"Ez du ez hankarik ez bururik euskara zeharo baztertuta duten medio batzuei euskara hutsez aritzen diren beste batzuei baino diru gehiago ematea". Komunikabideetan euskararen erabilera sustatzeko Jaurlaritzaren irizpideak eta horiei jarraituz ebatzi dituen diru-laguntzak ezagututa, EH Bilduk kezkagarritzat jo du Urkulluren Gobernuak laguntza horien banaketan hartutako norabidea-
“Laguntza horien sistema antolatzeko orduan ezinbestekoak dira elkarlana eta herri ikuspegia, euskarazko hedabideek berebiziko garrantzia dutelako euskal komunitatearen eraikuntzan eta herri eraikuntzan. Zoritxarrez, baina, ez dirudi Jaurlaritzak berdin pentsatzen duenik, bere jardunean nabarmena baita herri ikuspegi falta; ez du epe luzerako inolako estrategiarik eta ez da artikulatzen ari euskal hedabideekin elkarlanerako espazioa”, adierazi du Uberak.
Oihartzun zabala izan du sareetan Eusko Jaurlaritzak ARGIA.eus-i diru laguntza jaitsi izanak bere historiako emaitzarik onenak lortutakoan, eta haserrea eragin du euskara sustatzeko diru partidatik gaztelania hutsezko hainbat hedabidek jasoko duten diru kopuruak ere. Erreakzioak biltzen ari gara artikulu honetan.