argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk Espainiako Gobernuaren dekretuaren alde bozkatu du Kongresuan
  • ERCk eta CUPek ezezko botoa eman dute, eta EAJk aldekoa. Ukrainako Gerrak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko gobernuaren ekonomia plana aurrera atera da EH Bilduren botoei esker. Espainiako eta Kataluniako politika astindu duen Pegasus espioitza kasuaren testuinguruan egin da bozketa.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 28a
Argazkia: @Congreso_Es

Mertxe Aizpuruak ostegun goizean iragarri du EH Bilduren aldeko boza. “Beste behin, herritarrei zor diegun erantzukizunez jokatu eta dekretu hau aprobatuko dugu, ezin delako jendea izan gobernu honen akats larrien ondorioak ordaintzen dituena”, adierazi du koalizioaren bozeramaileak. “EH Bilduren bost diputatuei esker, Ukrainako gerraren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko neurri sorta onartuko da gaur”, azaldu du koalizioak sare sozialetan. EAJk ere aldeko boza iragarri du.

Pegasus espioitza kasuak sortutako iskanbilaren testuinguruan egin  da bozketa –Pedro Sánchez presidente egin zuten talde politikoen babesa auzitan jarri duena aste honetan–. Iragan ostiralean, esaterako, bilera egin zuten espioitza jasan duten ordezkari politikoen alderdiek –EH Bildu, ERC, JxCat, PDeCAT, eta CUP–. Bilera horretan adierazi zuen Aizpuruak berak gobernuak jarrera egokia agertu ezean “ondorioak” egongo zirela: “Gobernuak ikusi behar du bere erabakiek eta gertatzen ari dena —oso larria baita— benetakotzat hartu nahi ez izateak ondorioak edukiko dituela. Espero dezagun egun batzuen buruan jarrera aldatzea, hau Europan onartezina delako”.

Atzo, asteazkena, Margarita Robles Defentsa Ministroak auziaz hitz egin zuen, eta egoera lasaitu edo bideratu ordez hautsak are gehiago harrotu zituen, espioitza justifikatu baitzuen.

ERCk eta CUPek ezezkoa

ERCk Espainiako Gobernuaren dekretuari ezezkoa eman dio. “Espainiako Gobernuari eginiko lehen oharra da”, adierazi du, Roblesen dimisioa eskatzearekin batera. “Nola fidatuko gara hau bezalako kasu baten aurrean ezer egiten ez duen gobernu batez, eta, gainera, harrotasuna agertzen duena?”, azaldu du bere kontrako boza CUPek.