Azken asteotan negoziazioetan “aurrerapenak” egon direla eta hiru akordio nagusitara heldu direla azaldu dute Mertxe Aizpuruk eta Arnaldo Otegik.
Astelehen eguerdian eman dute EH Bilduko bozeramaileek Espainiako aurrekontuak babesteko erabakiaren berri. Babesa EH Bilduren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioen ondorio dela azaldu dute, eta ERC eta Podemos alderdiei eskerrak eman dizkiete negoziazioan jokatutako paperarengatik.
Aizpuruak azaldu ditu akordioak. Batetik, COVID-19ak sortutako krisiaren aurrean hartu ziren zenbait neurri behin-behineko “betikotzea” adostu dute EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak. Zehazki, bizitoki alternatibarik ez duten herritarren etxegabetzeen “debekua” eta egoera ekonomiko “zaurgarrian” daudenen alokairuak “aldi baterako etetea”. Bigarrenik, azaldu dute amiantoaren biktimentzako 25 milioi euroko funtsa sortzeko legearen tramitazioa “desblokeatu” dutela, eta “aste batzuk barru” egongo dela indarrean. Azkenik, “Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean” ETB3 2022 urtea amaitu aurretik Nafarroa osoan ikustea hitzartu dute bi aldeek, “aurrerapauso garrantzitsua euskararen erabilera normalizatu eta sustatzeko bidean”. Hiru akordio nagusi horiez gain, Hego Euskal Herriko lurraldean egiteko bederatzi inbertsio ere adostu dute.
40.000 Bilbon
Otegik EH Bilduren Mahai Politikoak larunbateko mobilizazioaz egin duen irakurketa azaldu du prentsaurreko berean. Bilboko kaleetan 40.000 herritar baino gehiago bildu zirela adierazi du. Otegiren esanetan ezkerreko independentismoa “oso indartsu” dago arlo instituzionalean bezala “masa mobilizazioan”.