argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk eskatu dio Urtarani inplikatuta dauden eragileekin adosteko Gasteiz Antzokiaren proiektua
  • Lazarraga elkartearen proposamenarekin bat dator EH Bildu; proiektua Eskoriatza-Eskibeleko etxadian kokatzea, baina proposamena birplanteatuz, Auzolana pilotalekua kolokan jarri gabe.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2017ko urtarrilaren 11
Irudian, Auzolana pilotalekua.

Gasteizko Kafe Antzokiaren kokapenak zeresana ematen jarraitzen du. Aurreko astean, Gorka Urtaran alkateak Kafe Antzokiaren eta Oihaneder Euskararen Etxearen proiektuaren lehen fasea Eskoriatza-Eskibeleko etxadian (frontoia barne) kokatuko zuela berretsi zuen. Halaber, Udalak "ideien lehiaketa" zabalduko duela iragarri zuen "arkitektoen ekarpenak jasotzeko". Ondoren, Oihaneder Euskararen etxea kudeatzen duen Lazarraga elkarteak proiektua kokatzeko Eskoriatza-Eskibel aukera egokiena zela adierazi zuen; betiere Auzolana frontoia errespetatu behar dela azpimarratuz.

Orain EH Bildu Gasteizek bere kezka adierazi du, "proiektuaren garapenean Urtaranen gobernua egiten ari den kudeaketagatik". Izan ere, EH Bilduko zinegotzi Ane Aristik kritikatu du udal gobernuaren proposamena ez duela auzian inplikatuta dauden eragileen adostasunik. "Gatazkatik sortu den ekimena da eta arrakastatsua izateko aukera gutxi ditu. Horregatik guztiz beharrezkoa da, proiektua hipotekatu baino lehenago, Urtaranek akordio batetara iristea euskaltzale eta Alde Zaharreko auzokideekin”.

Pilotalekua babestu

Zehazki, alderdi abertzaleak Lazarraga Kultur elkarteak aurreko astean proposatutakoarekin bat egin du, hau da, proiektua Eskoriatza-Eskibelen etxadian garatzea, "baina proposamena birplanteatuz, Auzolana pilotalekuaren kokapena kolokan jarri gabe".

Arazoari irtenbide bat eman nahian, EH Bilduk  bilera bat eskatu dio Urtarani, "gaia desblokeatzeko eta akordio bat bilatzeko, gauza guztien gainetik, euskarari eta Gasteizi onura ekarriko diona".

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra