Euskal Herri osotik heldutako milaka pertsonak kaleak hartu dituzte, eta Arnaldo Otegik dei egin du “estatus berria” eraikitzeko “bloke historikoa” osatzera.
Aurreikuspen oro gaindituta, aspaldiko manifestaziorik jendetsuena izan da larunbatean EH Bilduk Bilbon antolatutakoa. Antolatzaileen arabera, 70 autobus inguru joan dira Euskal Herri osotik Bizkaiko hiriburura, eta milaka pertsonak egin dute bat aldarrikapenekin. “Aske eta berdinen Euskal Herria lortu arte” lelopean, “euskal nazioa” eraikitzeko deia egin du koalizioak, “feminista, sozialista, burujabea, ekologista eta parekidea” izango dena. “Erresistentziatik askatasunera” igarotzeko urratsak eman behar direla azpimarratu dute.
Manifestazioaren amaieran, udaletxe parean ekitaldi politikoa egin dute, eta zuzenean eskaini dute sare sozialetan. COVID-19aren aurkako neurriak errespetatzeko gogorarazi ostean, hitza hartu dute Garazi Perea EH Bilduko militanteak eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak. Pereak nabarmendu du, bertan bildutako jendetzari erreferentzia eginez, independentismoa ahul dagoela diotenei “garbi utzi” dietela “erratuta” daudela: “Gaur, herri honek berriro ere aurrera egiteko prest dagoela erakutsi du”. “Faxistei, klasistei, autoritarioei eta matxistei” aurre egiteko herritarrak kalean “borrokan” daudela azpimarratu du; halaber, instituzioetan ere lekua dutela gogorarazi du, eta horrek “ikaratu” egiten dituela batzuk: “Badakite alternatiba bakarra garela”.
Jarraian, Otegik Euskal Herriari hitz egin dio: “Mirari bat da herri hau bizirik egotea, mende askotan zehar desagerrarazteko estrategia bat egon baita”. Halere, azaldu du herrien “egoera naturala” ez dela “erresistentzia”, eta, beraz, pauso bat aurrera egiteko beharra aldarrikatu du: “Erresistentziatik askatasunera”. Horretarako, “bloke historiko nazionala” osatzeko deia egin du, “indar guztiak” bat eginda: herri mugimenduak, sindikatuak, alderdi politikoak eta norbanakoak, besteak beste. Adierazi du unea dela "estatus berri bat" eraikitzeko: “Euskal nazioak merezi duen estatus politiko, ekonomiko, kultural eta instituzionala lortu behar du”.
Azaroak 20, Brouard eta Muguruza gogoan
Arnaldo Otegik, besteren artean, gogora ekarri ditu Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko kideak eta “guda zikinaren” biktimak, haien hilketen urteurrenaren harira. Hurrenez hurren, 1984an eta 1987an tiroz hil zituzten azaroaren 20an. Goizean Egiari Zor elkartearekin batera omenaldia egin diete.
? Euren erahilketen urteurrenean, Santi Brouard eta Josu Muguruza gogoan izan ditugu Bilbon @EgiariZor Fundazioak antolatutako ekitaldietan.
Garaipenera arte! Aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak. pic.twitter.com/cIz58uMRw8
— EH Bildu (@ehbildu) November 20, 2021
EH Bilduk jakinarazi du ez dutela “ausaz” hautatu manifestazioaren data. Brouarden eta Muguruzaren hilketez gain, egun horretan hil zen Franco diktadorea, 1975ean. Hori ere hizpide izan du Otegik: “Franco Erorien Haranetik ateratzea erraza da; zaila dena da faxistak kanporatzea estatuaren aparatuetatik”. Espainiako Estatua frankismoaren oinordekoa dela salatu du.