argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk akordioa adostu dute Osakidetzako lan eskaintzen eredua berrikusteko
  • Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua "berrikustea" eta kontsolidazio prozesuak "bukatzea" galdatzen duen ekimen parlamentarioa adostu dute hiru alderdiek.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko irailaren 26a
Artxiboetako argazkia. Osakidetzaren murrizketak salatzeko elkarretaratze bat. Argazkia: ELA

Akordioa lortu dute EH Bilduk, EAJk eta PSE-EE alderdiek: Osakidetzako lan eskaintzen eredua "berrikustea" eta kontsolidazio prozesuak "bukatzea" galdatzen duen legez besteko proposamena adostu dute. Ostegun honetan bozkatuko dute Eusko Legebiltzarrean.

Osakidetzako langileei "egonkortasun handiagoa" emateko formulak aztertzeko eskaera dakar testuak, baita Erakunde Sanitario Integratu (ESI) bakoitzean dauden asistentzia-premien eta beharrezko estalduren balorazioa egitekoa ere.

ELAren mezua: soluzio "zehatzak" behar dira

Irailaren 24an zabalduriko agiriaren bitartez zabaldu du Osakidetzari buruzko bere azken irakurketa ELAk. Hitzetatik haratago joateko deia egiten dio Osasun Sailburu Alberto Martínezi: "Asteak daramatza iragartzen Osakidetzaren arazo larriei irtenbidea emateko martxan jarri nahi dituen neurri nagusiak. Iragarpen horiek, ordea, ez ditu abian jarri eta areago, ez du bakar bat bera ere eraman Osakidetzako Mahai Sektorialera".

Osasun Sailburuaren "borondate politiko" eta "ekimen" falta ere salatu ditu sindikatuak. Sailburuak ezohiko LEP bat eta lan baldintzak hobetzeko neurriak iragarri berri dituen honetan, sindikatuekin trukatu ez izana deitoratu du ELAk. Demagun, larrialdietako Koordinatzaile Nagusiaren lanpostua sortu izanari buruz ondokoa argitu du: "Mahai Sektorialean ez da ezer ere ez planteatu horri buruz. Alde bakarreko neurri baten aurrean gaude, eta sindikatuei ez zaie horren berri eman".

Hori horrela, ondoko eskaerak luzatu dizkio Osasun sailburuari: "Lehenbailehen jar ditzala martxan finkatzeko aparteko LEPak kategoria guztietarako. (...) Era berean, funtsezkoa da kolektibo osoaren lan baldintzak hobetzea".