Bilboko kaleetan manifestazioa antolatu dute, “aske eta berdinen herria” aldarrikatzeko. Goizean Santi Brouard eta Josu Muguruza omenduko dituzte, haien hilketen urteurrenean.
EH Bildu koalizioak zehaztu du azaroaren 20a ez dutela ausaz aukeratu. Garazi Perea bozeramaileak azaldu du dataren garrantzia: “Azaroaren 20an Franco hil zen, baina ez frankismoa. Estatuan segitzen dute, dena ondo lotuta utzi zuen trantsizioari esker. Hain zuzen, haiek izan ziren azaroaren 20an Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituztenak”. Tiroz hil zituzten HBko bi kideak; larunbatean beteko dira 37 urte Brouard hil zutenetik eta 32 Muguruza tirokatu zutenetik, eta omenaldia egingo diete goizean, Egiari Zor Espainiako eta Frantziako estatuen biktimen eskubideen aldeko elkartearekin batera.
Arratsaldean Bilboko kaleetan abiatuko da EH Bilduk deitutako manifestazioa, “aske eta berdinen herria lortu arte” lelopean egingo dutena. Oskar Matute legebiltzarkideak herritarrei dei egin die larunbatean “faxismoa geratzeko duintasunaren harresia” altxatzera: “Casadoei, Ayusoei, Abascalei eta Ortega Smithei esango diegu ezin izan dutela, eta ezingo dutela. Euskal Herrian ez dutela lekurik”. Jakinarazi du protestaren ostean Bilboko udaletxean Arnaldo Otegik hitza hartuko duela, eta espero dutela etorkizunerako “inflexio-puntua” izatea.
Aurreratu dute zazpi konpromiso aldarrikatuko dituztela elkarretaratzean, hala nola erabakitzeko eskubidea, aberastasunen banaketa, parekidetasuna, aniztasuna, euskara hizkuntza nazionala izatea eta presoen etxeratzea. Besteak beste, deialdiarekin bat egin dute euskal preso politikoen senideek, “gazte independentistek”, Sortuk eta LAB sindikatuak.