argia.eus
INPRIMATU
AHTk galtzada erromatar bat eta neolitoko herrixka bat lurpean utziko ditu Gasteizen
  • AHTren lanek berek azaleratu dituzte antzinako bi eraikuntzak Jundizeko industriagunean, Gasteizko mendebaldean. EH Bilduk Kultura diputatuari azalpenak eskatu dizkio, horren berri noiz jakin den eta "betiko estaltzea" zer iruditzen zaion jakiteko.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 31
Erromatar galtzada zati bat eta herrixka neolitiko bat aurkitu dituzte Jundizen. Argazkia: QARK Arkeologia.

Asteazkenean jakin da AHTren obrek Astorga eta Burdeos hiriak lotzen zituen Iter XXXIV galtzada erromatarreko zati bat eta K.a. 3.000. urteko neolitikoko herrixka estaliko dituztela. Galtzadari dagokionez, indusketaren arduradunek adierazi dute kontserbazio egoera onean dagoela, eta topatutako aztarnek aukera emango lukete jakiteko bidea zein unetan eraiki zen eta noiz arte izan zuen erabilera. Herrixkako arrastoen artean aurkitu dira, berriz, zeramikak, ikatzak, labeak eta esku errotak.

Galderak Aldundiari

EH Bilduk galderak egin dizkio Batzar Nagusietan Arabako Kultura diputatuari, lanetan agertutako arrasto arkeologikoak babesteko Foru Gobernuak egindako lanen berri izateko. EH Bilduk jakin nahi du noiz jakin zuen Foru Gobernuak galtzada erromatarra eta neolitikoko herrixka hori agertu zirela, eta arrasto horiek babesteko alegaziorik aurkeztu ote zuen. Era berean, jakin nahi du Kultura diputatuari ondo iruditzen zaion kultur ondare hori "betiko estaltzea".