argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk aurrekontuen aurreakordioa lortu du Nafarroako Gobernuarekin
  • Politika publikoen inguruko "akordio zehatzak" hartu dituzte, "tramite parlamentarioan bertan eta ondorengo gobernu ekintzetan islatuko direnak".

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko urtarrilaren 21

2020ko Aurrekontuen proiekturako aurreakordioa lortu dute EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak. Azken asteetan negoziatzen aritu ostean, gastu-muga handituko dutela adostu dute eta hala aurrekontu proiektuari zuzenketak aurkezteko aukera izanen dute. "Lurralde kohesioaren ikuspegitik, baita zerbitzu publikoen eta herritarren eskubideen indartze ikuspegitik ere" aurrekontu proiektua hobetzeko helburua du EH Bilduk. 

Politika publikoen inguruko "akordio zehatzak" hartu dituzte, "tramite parlamentarioan bertan eta ondorengo gobernu ekintzetan islatuko direnak". EH Bilduk osoko zuzenketarik ez aurkezteko, egon litezkeen osoko zuzenketen aurka bozkatzeko eta aurrekontuen onarpena ahalbidetzeko konpromisoa hartu du.

Nafarroako Gobernuak "positiboki" baloratu du Foru Exekutiboak Nafarroako Parlamentuan EH Bildu talde parlamentarioarekin lortutako aurreakordioa, talde horrek 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren lege-proiektuari osoko zuzenketarik aurkeztu ez diezaion eta, hala badagokio, hura onartzea erraztu dezan.

Nafarroako Gobernuaren ustez, "nafarra bezain anitza den erkidego batean, herritarrek beren ordezkariei eskatzen diete gizartearentzat zuzeneko onura ekarriko duten proposamenak adostu eta hitz egiteko gaitasuna, aurrerabide-maila handiagoei, zerbitzu publikoak indartzeari, berrikuntzaren aldeko apustuari, gizarte- eta lurralde-kohesioan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteari dagokienez".

"Azkenean gizarte gisa ditugun erronkei aurre egingo dieten aurrekontuak egotea albiste ona da Foru Erkidegoko herritar guztientzat", gaineratu du Nafarroako Gobernuak.