argia.eus
INPRIMATU
Oposizioak ustelkeria sarea salatu eta EAJ zuzenean interpelatu du
  • De Miguelen epai irmoak erreakzio politiko ugari eragin ditu astearte goizean. Oposizioak gogor hitz egin du EAJko kide ohiaren aurka, eta neurriak eskatu ditu.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urtarrilaren 10
Alfredo De Miguel mikrofonoen aurrean, Arabako Lurralde Auzitegira sartu aurretik. (Argazkia: EiTB)

EAJren barnean "ustelkeria-sare handia" egon dela salatu du EH Bilduk Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia jaso eta gutxira. Alderdia eta alderdikideak "aberasteko trama larria" dela esan du Unai Urruzuno eledunak, kontratu publikoak manipulatu dituela azpimarratuz. "Ez da kasu isolatua, ez da sagar ustela otar batean izan; modus operandi batez ari gara", seinalatu du Urruzunok.

Bingen Zupiriak hitz egin du Eusko Jaurlaritzaren izenean, asteroko Gobernu Kontseiluko bileraren osteko prentsaurrekoan. "Errespetatu" du Gorenaren epaia, eta "gaitzetsi" egin ditu "Jaurlaritzaren balio etikoekin bat ez doazen jardunak". Zupiriak argi esan du, sententzia behin betikoa denean, "bete eta betearazi" egingo duela sententzia.

PSE-EEk bestalde, "positiboki" baloratu du Gorenaren sententzia, "pozik" agertu baita Justiziak bere lana egin eta irregulartasunak egin zituzten pertsonak zigortuko direla.

Elkarrekin Podemoseko Pilar Garridok, berriz, sareetan nabarmendu du "agortu direla aitzakiak EAJren gobernuarentzat".

Carlos Iturgaitz PP-C'sen Euskadiko presidenteak, azkenik, nabarmendu du erantzukizun politikoa ez da soilik De Miguelentzat, baizik eta alderdiak jasaten duela. Horregatik, "premiazkoak dira" EAJren eta Iñigo Urkullu lehendakariaren azalpenak.