argia.eus
INPRIMATU
EH Bildu, lehen indarra Araban

Nikolas Xamardo Xabier Rodríguez 2024ko maiatzaren 09a

40 urte atzerago, Araba feudo espainiarra zen. Zer gertatu da orduz geroztik tamaina horretako aldaketa izateko, EH Biduren garaipen ukaezina azken hauteskundeetan?

Egitate singular hau ezin da ulertu prozesu ebolutibo batetik abiatuta, zeinaren bidez kontzientzia espainiarra euskal kontzientzia bihurtu den.

Guk postulatzen dugu tamaina honetako aldaketa soilik gertakizun baten sorreratik uler daitekeela: egitate singular bat, lehena (Alava, España) eta geroa (Araba, Euskal Herria) markatzen duena gertatzen den tokian. Hau da, ustekabeko zerbait, zaharra utzi (identitate espainiarra) eta berria sortzen duena, euskal hizkuntzan eta kulturan oinarri duena.

Ikus dezagun zertan datzan kontzientzia berri honen gertakizun fundatzailea.

Ez dezagun ahaztu 40 urte atzerago Araban ezinezkoa zela euskalduntzea. PSOEk eta EAJk A et B ereduak inposatzen zizkiguten, esanez hezkuntza euskaraz bideraezina zela gure herrialdean.

Tokieder ikastolaren borroka luzeak gure gazteriaren eta gure lurraldearen euskalduntzearen oinarriak ipini zituen.

Analista espainiar gehienak ez dira gai izan EH Bilduk Araban izan duen garaipen ukaezinaren benetako arrazoiak ikusteko

Gogoratu dezagun prozesu hori interpelazioari esker mamitu ahal izan zela, ENAMek, herri honen gaur egungo askatasun-borrokarren gertakizun fundatzaileak, gure kontzientziari eginiko deiari esker gertatu ere, EAJk erakutsitako pasibotasunaren aurrean.

Egitate singular honek, zuzenean edo zeharka, gure gazteria osoa, euskaldunak zein ez euskaldun, gure herriaren deiari sentikor, markatu du eta markatzen du, gaur arte.

Gogoratu dezagun gertakizun oro beti subjektu singular batean gauzatzen dela (ENAM, Tokieder, kasu honetan), berria aldarrikatzeko gai dena, zabaltze-gaitasun handiaren jabe, eta efektu iragarriezin eta sumaezinak dituena, harekiko errefraktario direnentzat ikusezinak. Horri dagokionez, analista espainiar gehienak ez dira gai izan EH Bilduk Araban izan duen garaipen ukaezinaren benetako arrazoiak ikusteko. Gehien-gehienek (euren artean Ortuzar jaunak) zioten hazkunde hori Podemosen boto-emaile zaharretatik zetorrela. Gogoratu dezagun Podemosi masiboki eman zitzaiola botoa, ustez, Madrilen, gure herriaren eskubide nazionalak, eta gure presoenak, defendituko zituela. Behaturik hori ez dela horrela izan, emeki-emeki desagertzen joan dira.

Aldiz, aitortu beharra dago, kazetari gazte batek, kate espainiar ezagun bateko tertuliakide berau, esan zuela Arabako gazte gehienek EH Bilduri eman ziotela botoa, euskaraz mintzatzen zitzaielako. Bere erara, esaten ari zen euskal identitatea (euskara eta kultura), zeinaren prozesua aipatu dugun, EH Bilduk Araban izan duen garaipenaren oinarrian zegoela.

Konbentziturik gaude prozesu horren jakitun dela EH Bildu, eta orain arte jarraitutako bidea berretsiko duela.

Xabier Rodríguez eta Nikolas Xamardo