argia.eus
INPRIMATU
EH Bildu Kutxaren patronatuan sartuko da, banku fundazioa sortu zenean uko egin ostean
  • Koalizio abertzaleak lau ordezkari izango ditu Kutxaren patronatuan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan daukan ordezkaritzari dagozkionak. Hamabi eserleku ditu Kutxaren patronatuak eta Elkarrekin Podemosek ere ordezkari bat proposatu du, Kutxaren gobernu-organoa berritzera doan honetan.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 31
Duela lau urte pasa zen Kutxa banku fundazio izatera eta EH Bilduk erabakia kritikatu zuen. Orain, fundazio horren patronatuan ordezkariak izango ditu.

Ia lau urte pasa dira Kutxa banku fundazioa sortu zenetik eta erakundearen gobernu-organoa berritzeko ordua da. Berritasun handiena EH Bilduren sarrera izango da, duela lau urte, banku fundazioa sortu zenean, uko egin baitzion bertan parte hartzeari, Gipuzkoako aurrezki-kutxen pribatizazioa eragingo zuela argudiatuta.

Orain berriz, Naiz-ek aurreratu duenez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan daukan ordezkaritzaren arabera dagozkion lau eserlekuak hartzeko prest dago EH Bildu. Juan Inazio Ansa, Xabier Arberas, Artizar Erauskin eta Idoia Ormazabal izango dira patronatuko postuak hartuko dituztenak eta erakundearen “kontrol sozial eta publikoa” egiteko asmoa agertu dute.

Azken lau urteetan Kutxak izandako ibilbideaz balantze gazi-gozoa egin du EH Bilduk: “Saldu egin dira ondasunak eta Kutxak Gipuzkoako enpresetan zeuzkan partizipazioak” eta lurraldeak “ondasun sozialak” galdu dituela uste dute. Alde positiboan, Donostiako Onkologikoa sare publikoan sartu izana nabarmendu dute.

EH Bildurekin batera, Elkarrekin Podemos ere sartuko da Kutxaren patronatuan. Ordezkari bat izango du koalizio moreak, hain zuzen PPk galduko duena, Pablo Casadoren alderdiak ez baitauka dagoeneko ordezkaritza nahikorik Batzar Nagusietan Kutxaren aginte-organoan ordezkaririk izateko.