argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduko alderdiak egitura bakarrean elkartzearen alde azaldu da Aralar
  • EH Bilduk "siglak gainditu" eta koalizioko alderdiak bateratzearen alde egin du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak, “ezkerreko fronte soberanista” lortzeko asmoz. Alderdiak azaroan egingo duen kongresua aurkezteko agerraldian egin ditu adierazpenak, Rebeka Ubera alderdiko idazkariarekin eta Dani Maeztu koordinatzaile-ordearekin batera.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 08a
Maeztu, Ubera eta Zabaleta Aralerren VI. kongresua aurkezteko agerraldian. (argazkia: El Pais).

Aralarrek beti ezker abertzale “zibil eta plurala” bultzatu duela azaldu du Zabaletak eta bide horretan, siglak gainditze aldera urratsak emateko garaia dela. “Alderdien interesetatik kanpo, gizarteari ezkerreko fronte soberanista zabala” eskaintzeko Aralarrek ekarpena egingo duela azpimarratu dute.

Funtzionamenduaren normalizaziorako izateaz gain, “koalizioetako barne egiturak demokratizatzeko” beharrezkoa dela azaldu dute. Herri Batasunarekin berdina gertatu zela gogorarazi du Zabaletak; hainbat alderdik osatutako koalizioa izatetik, formazio bateratua izatera igaro zela.

Aralarren ikuspuntutik egindako planteamendua dela zehaztu du Uberak eta erabakia EH Bildu osatzen duten alderdi guztien artean hartu behar dela.

Zabaletaren ordezkoa eta ponentzia berria kongresuan eztabaidagai

Aralarren VI. Kongresua azaroaren 8an eta 15ean izango da, lehena Bilbon eta bigarrena Iruñean. Alderdiaren ponentzia politiko berria onartuko dute. Militanteek eztabaidatuko dituzten gaien artean egongo da EH Bilduko alderdiak bateratzearena.

Kongresuko beste puntu garrantzitsua, koordinatzaile nagusi berriaren hautaketa izango da. Zabaletak utzitako kargua nork hartuko duten oraindik ez dutela pentsatu azaldu dute, eta Uberak eta Maeztuk ez dute argitu hautagaitzarako aurkeztuko diren.

Aralarrek alderdi barruan egin nahi duten berrantolaketaren baitan eta EH Bilduren “eboluziora” egokitzeko, koordinatzaile-ordearen kargua desagertu egingo dela aurreratu du Maeztuk.