argia.eus
INPRIMATU
Analisia
EH Bildu garaile Gipuzkoan, eta Donostian 1.000 botora
  • Ohikoa da Gipuzkoako mapa EH Bilduren koloreekin ikustea, bertan izaten baitu babesik handiena. Baina 2023ko hauteskundeetan saltoa eman du, eta EAJri are gehiago aurreratu zaio: batzar nagusietan Maddalen Iriarte nagusitu da, eta Donostiako Udalean Juan Karlos Izagirre 1.000 boto eskasen aldearekin geratu da Eneko Goiaren atzetik. EAJrenak ziren zenbait udaletako alkatetzak ere EH Bilduren eskuetara pasatu dira.

Leire Artola Arin 2023ko maiatzaren 29a

Gipuzkoan ere azpimarragarriak izan dira abstentzioa (%40,07), boto zuriak eta boto baliogabeak. Baina boto emaileek kolpea eman diote EAJri, eta batzar nagusietan bigarren indar gisa geratu da, 17 diputaturekin (-3), eta ia 25.000 boto gutxiagorekin 2019an baino. EH Bilduk "egin du", eta 120.578 boto eta 22 batzarkiderekin (+5) nagusitu da. Maddalen Iriarte prest agertu da biharamunean bertan gobernu "aurrerakoi eta zabala" eratzeko negoziaketei ekiteko. 26 eserleku behar dira gehiengorako, beraz, PPk erabaki lezake batzarretako agintea: EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek batera 24 batzarkide dituzte, EAJ eta PSEk bezainbeste; PPk 3 eskuratu ditu.

Jeltzaleek herritarrei esan diete "mezua ulertuta" atera direla hauteskunde hauetatik, eta lanean jarraituko dutela datozen lau urteetan. Halaxe egin beharko du Eneko Goia Donostiako alkateak, ia 10.000 boto galdu ondoren. Bigarren bozkatuena izan arren, hiriburuko garailetzat jo daiteke ezker koalizioa: EAJgandik 1.000 boto eskasera geratu da Izagirreren zerrenda, inoizko emaitzarik onenarekin. 8 zinegotzi (+2) eskuratu ditu, jeltzaleek baino 1 gutxiago. Hiriburuko erronka handiena izango da turistifikazioaren ondorioei erantzutea, eta horretan proposamen zorrotzagoa du Izagirrek, Goiaren aldean.

[[hauteskundeak mapa estua 2023 M28 batzar-nagusiak gipuzkoa]]

Udalak ere kendu dizkio EAJri

Gipuzkoako udal gehienetan ere ezker independentistaren zerrendak nagusitu dira, eta EAJri zenbait alkatetza kendu dizkio. EH Bilduk izango ditu Debagoienako alkatetza guztiak, baita mankomunitatea ere.

Bakarrik gobernatzeko gehiengo absolutua dute, besteak beste, Tolosan, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Tolosan 1.000 boto galdu dituzte jeltzaleek, eta 7 eserlekurekin (-1) izango da oposizioa. 9 zinegotzirekin (+2) aginduko du EH Bilduk. Beste udal batzuetan gobernagarritasuna gertu dute, akordioen arabera betiere. Esaterako, Arrasaten 10 eserlekurekin (+2) irabazi du ezker independentistak, eta nahikoa izango du Elkarrekin Podemosek lortutako zinegotzi bakarra agintzeko. Hondarribian EAJk gehiengoa galdu du eta bigarren indar izatera jaitsi da, Abotsanitzek aurre hartuta. EH Bildurekin elkartuz gero, gehiengoa izango lukete, EAJ-PSEren gainetik. Andoainen ere aldaketa egon liteke, EH Bilduk gora eta EAJk behera egin dutenez, EAJ-PSEk ez duelako gehiengorik, eta EH Bildu-Elkarrekin Podemosek bai.

EAJ beste behin nagusitu da udal hauetan: Elgoibar, Beasain, Lazkao, Urretxu, Azkoitia, Zarautz, Aia eta Urnietan. PSE-EE ere ohiko herri hauetan gailendu da: Irun, Lasarte-Oria, Eibar eta Zumarragan, batzuk aipatzearren.

Azpeitian zalantza zegoen nola eragingo zion EH Bilduri zentral eolikoen inguruko auziak, baina emaitzan ez da aldaketarik izango. EH Bilduko Nagore Alkorta alkatearen agintea berretsi dute bozkatzaileek. 10 zinegotzirekin mantenduko da EH Bildu, EAJk ere 7 zinegotzirekin jarraituko du oposizioa izaten.

Gipuzkoan eremua irabazten jarraitzen du EH Bilduk, EAJri gailenduta.

[[hauteskundeak mapa estua 2023 M28 udalak gipuzkoa estua]]