EH Bildu eta Esquerra Republicana (ERC) 2014eko maiatzean egingo diren Europako hauteskundeetarako koalizioa egiteko bidean dira, Ara egunkari katalanaren arabera. Hilabete honetan bertan Bartzelonan eginen duten topaketan finkatuko litzateke ituna.
Arako iturrien arabera, Assemblea Nacional Catalanak (ANC) koalizioa osatzeko asmoa zuen Esquerra Republicana (ERC), Convergencia Democrática de Cataluña (CDC), Iniciativa per Catalunya Verds (ICV) eta Candidatura d'Unitat Popular (CUP) alderdi katalanekin.
Egunkari katalanaren arabera ERC alderdia eszeptiko agertu zen koalizio horren aurrean, eta Europako Aliantza Askeko hainbat alderdirekin bilerak izan dituzte bide berriak zabaldu asmoz. Aliantza hori estaturik gabeko herri eta nazioetako alderdiak biltzen dituen federazioa da. Independentzia dute helburu.
Hala ere, aukera posibleena EH Bildurekin batzea dela dio Arak; iragan urriaren 25ean batzartu baitziren bi aldeak eta hilabete honetan bertan beste bilera bat iragarrita omen dute. Aliantza berri horrek CUP, CDC, ICV alderdi katalanei, Bloque Nacionalista Galego (BNG) galiziarrari eta Mallorcako alderdi sozialistari (PSM) atea irekia utziko lieke, Europako hauteskundeetan elkarrekin joateko.
EH Bilduk ahalik eta koalizio zabalenaren aldeko apustua egin duela dio egunkariak, "bake eta normalizazio politikorako une klabe honetan, Europan ahotsa izateko".