argia.eus
INPRIMATU
EH Bildu eta Aranzadiren artean liskarra sortu duen Pio XII etorbidearen plana onartu du Iruñeko Udalak
  • Iruñeko Udalak Pio XII etorbidearen berritzea onartu du. Milioi eta erdi euroko aurrekontua du planak eta  sei hilabetetan has daitezke lanak. Proiektu honen harira tentsioa izan da azken asteetan alkatetza duen EH Bildu eta udal gobernuko Aranzadi taldearen artean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko maiatzaren 24a
Iruñeko Pio XII etorbidea.

Pio XII Iruñeak duen etorbide handietako bat da, ospitaleetara eta Nafarroako Unibertsitatera jende gehiena bideratzen duena. Udalak onartu berri duenaren arabera, horrela banatuko da etorbidea, norabide batean zein bestean: oinezkoentzako espaloia, bizikleta bidea, zerbitzu bidea (zama lanak, edukiontziak…), eta bi bide garraioarentzat; horietako batean garraio publikoak lehentasuna izango du.

Gaur eguneko etorbidearekiko aldaketa nagusiak honakoak dira: egun den aparkaleku erreila kentzen da eta, bizikleta eta zerbitzu bideak jarri. Dena egin nahi da nahiko modu malguan, aldaketak edo hobekuntzak eginez gero oso garestiak izan ez daitezen.

EH Bildu eta Geroa Bairen botoekin onartu da plana, eta Mugikortasun batzorde teknikoaren onespena ere badu. Aranzadik ez dio baiezkorik eman gobernu batzordean, baina planak hobekuntzak dituela onartu du eta berau hobetzeko lan egingo duela adierazi.

Aranzadiren ustez, onartutako planaren akatsik handiena da zerbitzu publikoarentzat bakarrik izango den erreil edo biderik ez izatea, bere ustez horrela bakarrik murriztu daitezke autobus denborak. Horrela, halaber, auto kopuruaren trafikoa %20 gutxituko litzateke. Aranzadik ez du ulertzen EH Bilduk Donostian autobusentzat erreil bakarra proposatzea eta Iruñean gauza bera ez onartzea.

Orain planaren parte hartze prozesua hasten da, etorbide inguruko auzokide, merkatari eta gainerako eragileen iritziak jasotzeko. Udalaren planetan, irailaren amaierako proiektua idatzia egon liteke behin-betiko, azaroaren amaieran lanak hasi eta 2018rako bukatua legoke.

Ondorengo txioak Aranzadik etorbidea nola ikusiko lukeen erakusten du: