Lau aldiz bildu dira jada hiru alderdietako kideak. EH Bilduk bere biltzarrean aurkeztuko du asmoa, abenduaren 14ean. “Estatuaren errepresioaren aurrean herriak elkartzea funtsezkoa” dela azpimarratu dute.
EH Bildu euskal ezkertiar indar ezberdinak elkartuta sortu zen, eta posible litzateke gaur egun Bruselako Parlamentura Espainiako Estatuko zenbait alderdik osatutako koalizio bat bezala aurkeztea. Horretan dihardute EH Bilduko, ERC-ko eta Bloque Nacionalista Galegoko kideak. Lau aldiz bildu dira jada, eta lan-ildo bera jarraitzen dutela esan dute. Ikusteke dago ea sigla euskaldunek, katalanek eta galiziarrek bat egingo duten.
Abenduaren 14an koalizio abertzalearen biltzar nagusia egingo dute Donostian. Bertan aurkeztuko dute aurrez aipatutako biekin batzeko proposamena, Gara-k jaso duenez. Bestalde, aukeren barruan sartzen da Espainiako datorren hauteskundeetara ere elkarrekin aurkeztea.
Azaroaren 18an Donostian izan ziren ordezkari katalanak, Gure Esku Dago dinamikak antolatutako herri-galdeketetan. Joan Tardá ERCko kideak argi utzi zuen “beharrezkoa” dela herrien elkartze bat, Espainiako Estatuaren “errepresioaren” aurrean. Hiru alderdien negozioazioak ere “bide onetik” doazela jakitera eman zuen. Bestalde, posiblezko koalizio horren burua egun espetxean dagoen Oriol Junqueras izan litekeela zabaldu da.
2014an, milioi bat boz
Ez litzateke lehen aldia EH Bildu BNG alderdiarekin batzea. 2014ko Europako hauteskundeetan batera aurkeztu ziren, Espainiako gainerako beste zenbait alderdi txikiagoren laguntzarekin. Guztira 326.464 boz lortu zituzten; eserleku bat. ERC aldiz, alderdi katalan txikiekin batera aurkeztu eta 630.072 boz eskuratu zituzten, bi eserleku.
Balizko koalizio honek beraz –2014koa oinarritzat hartuz–, milioi bat boto lortuko lituzke. Hiru eserleku izango lirateke, edo agian lau –Brexit-a dela-eta, Espainiar Estatuak 54 eserlekuren ordez 59 izango lituzke–.