argia.eus
INPRIMATU
EAJ irabazle Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, baina EH Bildu 2 eserlekura legoke, EITB Focus-en arabera
  • EAJk 28 eserleku (aurrekoan baino 3 gutxiago) eskuratuko lituzke aurtengo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan eta EH Bilduk 26 (2020an baino 5 gehiago).

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko otsailaren 02a

EAJ aterako litzateke berriz ere garaile hauteskundeetan, baina indarra galduta, eta EH Bildu ostera ere bigarrena litzateke, baina asko hazita, azken hauteskundeetako joerei eutsita. Horiek dira EITB Focus inkestaren lehen emaitzak.

EAJk 28 eserleku lortuko lituzke, botoen %35,8 (-3,3) eskuratuta, eta 3 ordezkari gutxiago. EH Bilduk, ordea, 26 eserleku eskuratuko lituzke (+5) eta botoen %32,1 (+4,2).

Orain arte bezala, PSE izango litzateke hirugarren indar politikoa 12 parlamentarirekin (+2) eta botoen %14,8 lortuta (+1,1).

PPk puntu erdi egingo luke gora bototan, beraz, jarraituko luke azken hauteskundeetako joerarekin, baina berriz ere sei parlamentarirekin errepikatuta. Voxek orain duen eserlekua galduko luke, botoen %1,6 lortuta (-0,4).

Elkarrekin Podemos-IUk gaur egun sei parlamentario ditu, baina koalizio hartatik gaur egun Podemos eta Sumar indar politikoak sortu dira eta oraindik ez dute erabaki elkarrekin ala banatuta aurkeztuko diren. Banatuta joanda Podemosek botoen %4 eskuratuko lituzke eta 2 eserleku. Sumarrek, aldiz, botoen %3,2 eta parlamentario 1.

Sumar eta Podemos elkarrekin joango balira bost eserleku lortuko lituzkete, eta botoen %7,2. Horren ondorioz, gainera, EAJk eserleku bat galduko luke, 27 lortuta, eta EH Bildutik batera geratuta.

Aldaketarako zenbakiak egon badaude

Emaitza horiekin –Sumar eta Podemos banatuta aurkeztuta– EAJk eta PSE-EEk 40 boto lituzkete eta egungo gobernuari eutsi ahal izango liokete (gehiengo osoa 38 boto dira). EH Bildu eta PSE elkartuta justu iritsiko lirateke 38ra, eta gehituz gero Sumar eta Podemosekoak 41era. Hala ere, EH Bilduk egindako proposamenaren arabera –goberna dezala irabazten duen alderdiak– hurrengo Eusko Jaurlaritzako lehendakaria EAJko Imanol Pradales litzateke.

Inkesta Gizakerrek egindakoa da eta hemen kontsulta daiteke osorik.