Koalizio abertzaleak Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzordea eratzea proposatu du Kutxabankeko ordainketa bidegabeen auzia argitzeko.
Ikerketa batzordea ez ezik Mario Fernández Kutxabankeko presidente ohiaren, Mikel Cabieces PSEko buruzagi ohiaren eta Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko egungo presidentearen agerraldiak ere eskatuko ditu. “Eremu judizialetik harago, eremu politikoan ere asko dago ikertzeko eta argitzeko”, esan dute Xabier Isasi eta Dani Maeztu EH Bilduko talde parlamentarioko kideek.
Beren ustez EAJk erantzukizuna dauka auzian: “Ez da sinesgarria EAJk Cabiecesen soldata irregularrari buruzko informaziorik ez izatea; PSEkoari dirutza hori ordaindu baldin bazaio, EAJren oniritziarekin ordaindu zaio halabeharrez”.
EH Bilduko kideek nabarmendu dute irregulartasunak “bankuaren pribatizatzea hitzartu bitartean” gertatu zirela eta tartean “mesede” batzuk egin zirela iradoki dute.