argia.eus
INPRIMATU
EH Bai-ren lehen kongresua iraganen da irailetik azarora
  • Prozesua irailean hasiko da eta urrian zehar Ipar Euskal Herriko herri ezberdinetan eginen dituzte bilkurak "denen parte hartzea bultzatzeko" asmoz. Azaroaren 26an izanen da Kongresuko biltzar nagusia, Baionako Glain elkarteen etxean.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko uztailaren 20a
EH Bai-ren kongresuaren aurkezpena, uztailaren 19an Hiriburun

Bere lehen kongresua antolatu du Ipar Euskal Herri mailako EH Bai koalizio abertzale eta ezkertiarrak. Abertzaleen Batasuna, Batasuna eta Eusko Alkartasuna batu zirenetik hamabost urte pasa direla, "geroari buruzko perspektibak gogoetatzeko" eta "indarrak biltzeko" beharra ikusten du koalizioak. Bi erronka nagusi izanen dituzte: 2022-2026 aldirako norabide politiko nagusiak finkatzea eta EH Bairen antolaketa berritzea –tartean, zuzendaritza berria izendatuz–.

Bidean aitzina eginez

"EH Bairen lehentasuna mobilizazio sozialak sustatzea eta instituzioetan ordezkaritza zabala lortzea izan da. Gisa horretan, proiektu abertzalea indartu eta Ipar Euskal Herriko prozesua hauspotzeko. Hauteskundeen bilakaera ikusirik, EHBai lehenengoz aurkeztu zenetik, bilakaera baikor batean murgildua da eta iragan hauteskunde legegileetan dugu horren isla, non 20.821 bozka lortu ditugun", irakurri dezakegu koalizioaren agirian. Hamabost urteak deskribatzeko hainbat osagai nabarmentzen ditu koalizioak: Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa konpontzeko bake prozesua; Ipar Euskal Herriarentzako instituzio baten aldeko adostasun zabala –eta 2017an Euskal Hirigune Elkargoa sortu izanaren "urrats garrantzitsua"–; herritarren borrokarako eta mobilizaziorako gaitasuna.

Hala eta guztiz ere, oraindik "bide luzea egiteko" duela dio EH Baik: "Batetik, ezkerreko proiektu abertzaleak oraino hutsune handia du biztanle gehien biltzen dituen Baiona-Angelu-Biarritz hirigunean. Bestetik, ezkerreko lehen indar gisa kokatu den arren, frantses zentro-eskuinak nagusitasun handia du oraindik eta gehiengoa du Ipar Euskal Herrian".

Ipar Euskal Herrian "adostasunean eta akordioan oinarritzen den prozesu politiko bat" garatzen ari da azken urteetan eta EH Bairen iritziz horrek "indar harreman berria" sortu du Frantziako Estatuaren aitzinean: "Aukera berriak daude burujabetza prozesuan agertoki berriak sortzen jarraitzeko". Hala ere, "desafio handiak" ikusten ditu koalizioak: emendatze demografiko etengabea, lurraren eta etxebizitzaren espekulazioaren krisia edota eskuin muturreko ideien emendatzea.

Duela hamabost urte abertzaleen arteko zatiketak gainditu eta batasuna lehenetsi izana baikorki baloratzen dute koalizioko kideek: "Gure iritziz, hori balore handiko lorpena da, etorkizunean ere garatu beharko dena". 

Lehen kongresu horren berri eman dute uztailaren 19an Hiriburun egindako prentsaurrekoan.