argia.eus
INPRIMATU
EH Bai koalizioak udako unibertsitateak eginen ditu irailaren 17tik 19ra
  • Uztaritzen iraganen dira Ipar Euskal Herriko koalizio ezkertiar eta abertzalearen gogoeta egunak. Etxebizitzaz, feminismoaz zein estrategia politikoaz hausnartzeko hitzordua dute.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 09a
EH Bai, aurtengo hauteskundeen kari, hautagaiak aurkezteko prentsaurrekoan

Iaz modu birtualean burutu behar izan bazuen ere, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen ohituretan da egun batzuk hartzea gai batzuen inguruan kolektiboki gogoetatzeko. Aurten, irailaren 17tik 19ra eginen dituzte Udako Unibertsitateak, Uztaritzen.

Koalizioaren baitan feminismoa txertatzeko asmoz barne-talde bat osatu berri dutela, horretaz eztabaidatuko eta gogoetatuko dute lehen egunean bideratu tailerraren baitan. Irailaren 18an, goizean hausnartuko dute mugimendu abertzalearen estrategia politikoaz, "Zer? Nola? Norekin? Hurrengo urteetako ardatzak marraztu" lemapean.

Etxebizitzaren arazoa aipagaietan

Larunbat arratsalde osoa hartuko dute etxebizitzaren eskubideaz gogoetatzeko, hainbat hizlari gomitatuz: Peio Etxeberri-Aintxart EH Baiko hautetsi eta militantea, Nil Caouissin bretoia eta Fabiana Giovannini korsikarra, bi hauek ere hautetsi izanki. Etxebizitzaren eskubidearen alde azaroaren 20an eginen den manifestazio garrantzitsua antolatzeko tarte bat ere hartuko dute.

EH Bai koalizioko kideei baita kide ez direnei ere irekiak dira Udako Unibertsitateak. Hemen egitaraua osorik: