argia.eus
INPRIMATU
EH Bai Frantziako Legebiltzarrari so, “Euskal Herriko borroka eta alternatibei ahotsa” eman nahian
  • Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan aurkezten da ezkerreko koalizio abertzalea. Egoitz Urrutikoetxea izanen da 4. hautesbarrutiko hautagaia, Terexa Lekunberri duela ordezko; 5. bozka eremuan Mathilde Hary, Sylvain Aime duela ordezko; eta 6. eremuan Peio Dufau, ondoan duela Françoise Gallois.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko apirilaren 28a
EH Bai koalizioaren hautagaiak (Argazkia: EH Bai) EH Bai

"EH Baiko diputatuak lortzea Parisen Ipar Euskal Herriaren ahotsa segurtatzea da. Azken bost urteetan, Korsikako hiru diputatuek zein Paul Molacek erakutsi bezala, garrantzitsua da bertakoen interesak defendituko dituzten diputatuak lortzea". Arrazoi hori argudiatuta dabil ezkerreko koalizio abertzalea Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeei begira.

Ekainaren 12 eta 19an iraganen dira, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari dagokionez, hautagaitzak aurkezten ditu aldi honetan ere EH Bai-k. Egoitz Urrutikoetxea izanen da 4. hautesbarrutiko hautagaia, Terexa Lekunberri duela ordezko; 5. bozka eremuan Mathilde Hary, Sylvain Aime duela ordezko; eta 6. eremuan Peio Dufau, ondoan duela Françoise Gallois. "Ipar Euskal Herrian eramaten diren borroka eta alternatiba guztiei ahotsa ematea" du helburu hautagaitza abertzaleak.

Programa aurkezterakoan, klima larrialdia lehentasunetan dutela iragarri dute, eta etxebizitzaren arazoa ere dute esku artean harturik. Horrez gain, gatazka politikoaren konponketa zein euskara, Euskal Herriko auziak lehen lerroan kokatzen ditu EH Bai-k. Ezkerretik eramanen du bere kanpaina: "Gizarte-emantzipazioaren aldeko beste neurri batzuk ere defendatuko ditu EH Bai-k, guztiok bizitza duina izateko eskubidea, askatasun indibidual eta kolektiboak errespetatuz".

Gaur egun eta 2002az geroztik, Jean Lassalle da diputatu 4. hautesbarrutian –Behe Nafarroa, Zuberoa eta Biarnoaren zati bat– ; Florence Lasserre 5. eremuan –Angelu, Baiona, Hiriburu, Bastida eta Bidaxuneko kantonamenduak–, aitzineko hauteskundeetan garaipena lorturik; eta Vincent Bru 6. hautesbarrutian –Miarritze, Ezpeleta, Hendaia, Ezpeleta eta Donibane Lohizuneko kantonamenduak–, berdin, 2017az geroztik. Azken biak Emmanuel Macron Frantziako lehendakariaren alderdikoak dira.

2017an ere aurkeztu zen EH Bai eta 4. hautesbarrutian botoen %8,51 jaso zuen (3.912 boz); 5. eremuan %5,66 (2.675 boz) eta 6. hautesbarrutian botoen %12 (6.191 boz).