argia.eus
INPRIMATU
Kultura aniztasuna aldarrikatzeko festa egingo dute maiatzaren 31ko asteburuan
  • EH 11 Koloreren eta Gipuzkoako Erregio Etxeen jaiek bat egingo dute maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean, Donostian, aniztasunaren aldeko asteburuan. Antzerkia, folklore dantzak, gastronomia eta 11Danbor Martxa izango dira.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko maiatzaren 14a
EH 11 Kolore Fest aurkeztu zuten atzo Donostia 2016ko egoitzan.

Iazko harrera ona ikusirik, egitaraua zabaldu egingo dute eta aniztasunaren festa asteburu osora luzatuko da. Donostia 2016ren babesarekin, kontzertuak, antzerkia, folklore dantzak eta gastronomia ere izango dira. Horretarako, EH 11 Kolorek eta Gipuzkoako Erregio Etxeen Federazioak batu egingo dituzte beren festak.

Egitaraua

Maiatzaren 31n, larunbata, Sardina Freskue haurrentzako antzezlanarekin hasiko da festa. Arratsaldean, bigarren urtez 11Danbor Martxa egingo da. EH 11 Koloreko bozeramaile Xabier Mendiguren Bereziartuk “armairutik danborra atera eta martxara etortzera” animatu ditu herritarrak asteartean egindako aurkezpenean.

Martxa 17:30etarako dago deituta Alderdi Ederren. ‘Eskubide berak, betebehar berak, aukera berak’ lemapean egingo da eta mota guztietako perkusio taldeek hartuko dute parte. Egitarauak Konstituzio Plazan jarraituko du, 20:30etan Lasarte-Oriako Semblante Andaluz eta Tik-Tara talde zarauztarraren musika eusko-kubatarrekin.

Aniztasunaren Asteburuak igandean ere emango du zeresana, Gipuzkoako Erregio Etxeen Federazioak antolatu duen jaiarekin. Errioxako, Gaztelako, Andaluziako, Extemadurako, Aragoiko eta Galiziako hainbat folklore talde abiatuko dira goizeko 10:00etan Alderdi Ederretik Konstituzio Plazara. Bertan emanaldiak egingo dituzte 11:30etatik 14:30etara eta 18:00etatik eta 21:00etara.

Pintxo bereziak

Larunbatean eta igandean, Alde Zaharreko hainbat tabernatan jatorri ugaritako sukaldaritzan oinarritutako eta propio sortutako pintxo bereziak eskainiko dira modu onean, 11Pintxo 11Zapore ekimen gastronomikoaren barruan. Pintxoak hurrengo tabernetan egongo dira salgai: Txuleta, A Fuego Negro, Aitona, Ormazabal, Herria, Belfast, Rekalde, Zeruko, Bordaberri, Ordizia eta El Quinto Pino. 

Joan den urtean 11Danbor Martxak giro ona jarri zuen Donostiako kaleetan. Ikusi irudiak: