argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Udalak uholdeak saihesteko aurkeztutako plana kritikatu du Eguzkik
  • Eguzki mugimendu ekologistak salatu du Gasteizeko Udalak iragarritako ibaien garbitzea eta dragatzea diru-xahutze hutsa dela. Haien ustez, uholdeak aurtengo eguraldiaren eta gizakiaren esku-hartzearen ondorio dira, eta ez dute zerikusirik udalak aipatzen duen zikinkeriarekin.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 18a
Eguzki mugimendu ekologistak gogor kritikatu du Udalaren proposamena (Argazkia: eguzki.org)

Idoia Garmendia Gasteizko Udaleko Ingurumen arduradunak atzo aurkeztu zuen Errekaleor eta Santo Tomas ibaiak garbitzeko plana. Helburua azkenaldian izan diren uholdeak ekiditea da. Eguzkiren ustez “plazebo efektuan oinarritutako iruzurraren aldeko apustua da“. Halaber, ur eta erreka ondoko ekosistemetan eragin negatiboa izango duela azpimarratu du, bertako landaredia eta elementu naturalak garbiketarekin desagertuko baitira ekologisten iritziz.

Proiektuak milioi bat euro inguruko kostua izango du. Talde ekologistarentzat onartezina da krisi garaian hainbeste diru “zaborretara botatzea”. Horregatik, ezer egin aurretik informazio gehiago behar dela nabarmendu dute. Neurria babestuko duten datu zientifikoak aurkezteko eskatu diote Udalari.