Talde ekologistak txalotu egin du Jaizkibelgo inguruetan belatz handi bat tiroz bota ostean Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat ehiza postu itxi izana. Agintariei eskatu die zuzenean Fiskaltzan salaketa jartzeko horrelako kasuetan.
Asteburuan Jaizkibel inguruan belatz handi bat tiroz bota dute eta, Eguzki Talde Ekologistaren arabera, urrian eskopetaz jo duten espezie babestuetako hirugarren animalia da. Oraingo honetan Gipuzkoako Diputazioak neurriak hartu ditu; Jaizkibelgo ehiza-lineako hainbat postu itxi ditu. Eguzki "pozik" dago Aldundiak "behingoz" erantzun diolako azken urteotan taldeak egindako eskakizunari. Halere, azaldu dute litekeena dela urriko kasu pilaketen ondorioa izatea Aldundiaren erantzuna, eta ez "bestelako politika baten abiapuntua".
Eguzkik ohartarazi du babestutako espezieei tiro egitea ez dela "arazo puntuala". Urriaren 6an Errezilen arrano txiki bat eta 16an Seguran elanio urdin bat aurkitu zituzten zaurituta. Jakinarazi dute arranoa hil egin zela eta elanioa Arrano Etxean ari dela osatzen. Talde ekologistak Fiskaltzaren aurrean salatu ditu bi kasuak, tirogileak identifikatzeko asmoz. Halaber, Diputazioari gogorarazi diote ustezko delituen berri izan bezain laster fiskalari eta epaileari jakinarazi behar dietela, kontuan izanik babestutako espezieei eraso egiteak kartzela zigorra ekar dezakeela.