argia.eus
INPRIMATU
Eguzkik salaketa jarri du Guardia Zibilak Jaizkibelen sortu zuen sutearen harira
  • Jaizkibelgo tiro eremu militarrean praktikak egiten ari ziren zenbait guardia zibilek sutea sortu zuten martxoaren 10ean; 5,5 hektarea lur kiskali ziren. Eguzki erakunde ekologistaren esanetan poliziek jaurtitako bengala bat izan zen sutearen eragilea.

Ane Lusarreta 2014ko martxoaren 20a
Astelehenean Jaizkibelgo 5,5 hektarea lur kiskali ziren. Eguzki erakunde ekologistaren esanetan Guardia Zibilak jaurtitako bengala bat izan zen sutearen eragilea. (Arg:Eguzki)

Eguzkik salaketa jarri du Fiskaltzan, eta eskatu du behar den informazio guztia bildu eta erantzukizun penal eta zibilak ezartzeko.

Talde ekologistaren esanetan Tiro eremua eta Kontserbazio Bereziko Eremua ez dira bateragarriak.

Tiro eremua lehenbailehen desagerrarazi behar dela aldarrikatu dute, eta eraitsi bitartean protokolo zorrotza eta eraginkorra zehazteko eskatu dute. Tiro praktikak debekatu ditzaten ere exijitu dute.

Sutea eta tiroak

Sutea gertatu eta astebete beranduago Guardia Zibilak bere erruduntasuna onartu zuen eta “istripu” batek eragindakoa izan zela gaineratu.

Goizeko 11:00k aldera hasi zen sutea, eta  hasieran Guardia Zibila bera itzaltzen saiatu bazen ere SOS Deiak-era deitu zuten, kontrola-ezina zela ikustean.

Basozain eta suhiltzaileak iristean Guardia Zibilak tiro praktikak egiten jarraitzen zuen, larrialdietako langileen segurtasuna arriskuan jarriaz, Eguzkik salatu duenez.

Intxaurrondoko kuarteletik jaso zuten poliziek behin-behinean maniobra militarrak bertan behera uzteko agindua, suhiltzaileek beren lana egin zezaten. 15:30ak aldera lortu zuten sua itzaltzea.

Pasaiako Amaoz inguruko flora eta faunan kalteak eragin ditu “istripuak”, Gipuzkoako Diputazioak adierazi duenez.

Espainiako Gobernuari eskatu dio eremu militarra bertan behera uzteko, “astelehenekoa bezalako kalteak eta herritarrei eragindako bestelako eragozpenak” gehiago gerta ez daitezen.