argia.eus
INPRIMATU
Eguzkia ere lagun Kaskarotenearen aldeko Herri Urratsen
  • Herri Urratseko hasierako ekitaldira bertaratu diren agintari politiko, hautetsi eta ordezkari ezberdinek Seaskaren lana goraipatu eta azken urteetan izan duen ikasle gorakada nabarmendu dute, bestak beste.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko maiatzaren 11
(Arg: @FranckDolosor)

2012an ireki zituen ateak Kaskarotenea ikastolak,  Ziburuko auzapezak proposatuta. Ziburuko alkateak etorkizunera begira gune berria izanen zutela hitz eman arren, ikasturte amaieran eraikina husteko eskatu zien. Egoitza berri bat lortu bitartean, gurasoek bertan geratzea erabaki zuten. Hau horrela, ikasturte honen hasieran lur eremu bat erostea erabaki zuen Seaskak. Horregatik, aurtengo Herri Urratsen bildutako dirua Kaskarotenea eraikitzera bideratuko dute.

Seaskako presidente den Paxka Indok bizi izan duten “urte zail honetan” Ziburuko irakasle eta gurasoen borroka goraipatu du: “Urte honetan presio asko izan dugu, haurrak urik gabe utzi dituzte eta bestelako mehatxu asko jaso ditugu, baina ikastola itxi beharrean, aurrera egin eta Kaskarotenea kokatuta dagoen lurra erostea erabaki dugu”.

Agintarien balorazioak

Pierre-Marie Nousbaume Senpereko auzapezak Seaskak bizi duen hazkundea bide onetik doala azpimarratu du. Era berean, ikastolak bultzatzeko gonbita luzatu die agintari politikoei.

Pierre Barrièr Departamenduko Akademia inspektoreak adierazi du euskarak “bere tokia” duela. Departamenduko Kontseiluko presidente eta senataria den Jean-Jaques Laserrek euskararen aldeko eztabaidak emateko “eginahalak” eginen dituztela adierazi du.

Frantxoa Maitia Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak euskararen transmisioa beharrezkoa dela azpimarratu du. Ildo beretik mintzatu da Patxi Baztarrika Eusko Jaularitzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, kazeta.info agerkariak jaso duenez: “Estatu frantsesak lege babes egokia eskaini behar du”.

Era berean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak euskarak duen garrantzia azpimarratu du: “Euskarak batu egiten gaitu, horregatik, administrazioei konpromisoa eskatzen diet euskararen irakaskuntza posible izan dadin”.