argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Eguzki irratia, lizentzia eske
  • Iruñeko Eguzki irratiak lizentzia eskatu dio, beste behin ere, Nafarroako Gobernuari. Abenduaren 15ean 33 urte beteko ditu “modu alegalean” emititzen. Hainbatetan saiatu dira egoerari konponbidea aurkitzen, baina salatu dutenez, gobernuak orain arte “entzungor” egin die euren eskaerei.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko urriaren 06a
Eguzki irratiak lizentzia eskaera berri bat egin dio Nafar Gobernuari (Argazkia: Joseba Zabalza)

Azken lizentzia eskaera 2012an egin zuten, Nafarroako Gobernuak 44 lizentzia lehiaketara atera zituenean. Aurretik alegazioak aurkeztu zizkioten foru dekretuaren proiektuari, eta helegitea jarri zioten Foru aginduari, Ikus-entzunezko Komunikazio Legearen 4.1 artikulua urratzen zuelakoan. Artikulu honen arabera, mota orotako komunikabideen bidez –komunitarioak barne– pertsona guztiek ikus-entzunezko komunikazio aniztasunaren eskubidea dute.

Egoera horretan, orduko gobernuak helegiteak ez zituen kontuan hartu, argudiatuz gobernu zentralari zegokiola irrati-uhinak esleitzea. Eguzki irratitik salatu dutenez, legeak administrazioa komunikazio komunitarioa ahalbidetzeko irrati-uhinak egokitzera behartzen du, beraz, “legea ez da betetzen ari”.

Horrela, bada, “oztopoak” jarri beharrean laguntzak ematea eskatu diote “aldaketaren gobernuari”: “Gobernu berriak Espainiako Gobernuari irabazi asmorik gabeko komunikazio zerbitzuak eman ahal izateko beharrezkoak diren espazio publikoak erreklamatzea nahiko genuke”. Azpimarratu dutenez, Eguzki irratiari lizentzia eskaintzeak orain arte pairatu duten “gutxiespen eta bazterketarekin” amaitzea suposatuko luke. Eskaera kontuan ez hartzeak, aitzitik, “defizit demokratikoa” ekarriko lukeela gaineratu dute.