argia.eus
INPRIMATU
Eguzki eta eoliko poligono berriek natur guneetan kalte larriak eragingo dituztela dio Sustrai Erakuntzak
  • Sustrai Erakuntza Fundazioa alegazioak aurkeztea bultzatzen ari da azken asteotan Nafarroan argitara ateratzen ari diren eguzki- eta eoliko-poligono andanaren aurka. Orain arte, eta hilabete pasatxoko epean, Fundazioak hemeretzi alegazio aurkeztu dizkie dagoeneko beste hainbeste proiekturi.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko apirilaren 26a
Erreniegako parke eolikoa. (Arg.: X. Letona)

Fundaziotik jakinarazi dutenez, datozen asteetan alegazioak aurkezten jarraituko dute. Oraingoz, guztira 36 dira inpaktu eta tamaina handiko proiektuak: “Hori da Nafarroako Gobernuak eta Estatuko Gobernuak azken egunotan Nafarroan jendaurrean jarri dituzten proiektuen kopurua. Baina kopuru osoa askoz handiagoa izango da asteak eta hilabeteak pasatu ahala”. Alegazio kanpaina bultzatzen ari da elkartea eta euren webgunean alegazioak nola egin informatu dute.

Sustrai Erakuntzaren ustez, eguzki- eta eoliko-poligono horiek arrazionaltasunik gabe planteatzen ari dira eta proiektu horien garapenak ez du inolako plangintza demokratikorik: “Abian diren proiektuekin nabarmen gainditzen ari da Nafarroako Energia Planean proposatutakoa. Une honetan, ez dago erakunde publikorik berriztagarrien garapena antolatzen edo zuzentzen duenik, ezta espekulazio-burbuila berri hori gelditzeko asmorik duenik ere. Eta, jakina, ez zaie inoiz kontsultatu herritarrei Nafarroan ditugun beharrei, inpaktuei eta energia-ereduari buruz. Hori guztia herritarren bizkar egiten ari da, modu guztiz antidemokratikoan”.

Hori dela eta, bai Sustrai Fundazioak bai gisa honetako proiektuen aurka dauden elkarte ugarik –esaterako Haize Berriak elkartea edo Salba dezagun Erreniega–, proiektu hauek geldiaraztea eskatu dute, Nafarroan behar den eredu energetikoaren inguruko hausnarketa eta plangintza prozesu egokia irekitzeko.

Fundazioak salatu duenez, aurkeztutako proiektu eta poligono gehienek eragin larriak dituzte Nafarroako ingurumenean. Horiek ezartzeko lur-mugimendu handiak egin behar dira eta pista handiak ireki lursail naturaletan, kasu askotan jende gutxi ibiltzen den eta natura-balio handiak dituzten eremuetan. Gainera, eremu babestuak eragiteraino iristen dira. Guztiaren ondorioz, landaredia suntsitu, animalia-espezieen habitatak zatikatu eta oztopo artifizialak sortzen dira, animalien mugimenduak eta pasoak zailduz.

Arreta berezia jarri nahi dute Nafarroako poligono eolikoek sortzen duten hegaztien hilkortasunean. Duela gutxi jarritako instalazioek, hala nola Cavarkoak, Yugo mendilerroan eta Bardeako Parke Naturalaren gisako naturguneen mugakideek, putreak, miruak eta beste espezie babestu asko hiltzen dituztela salatu dute, "baita hain eskasak diren basoilo txikiak eta handiak ere. Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, 2020ko uztailetik, parkea martxan jarri zenetik 2021eko martxora arte, zortzi hilabete eskasetan, 80 sai hil zenbatu dira, beste hegazti eta saguzar espezie batzuekin batera, guztira 124 ale. Eta horiek dira atzemandakoak...”.

600 hektareako eguzki poligonoa

Fundazioak jakinarazi duenez, Nafarroako Erriberan ere eguzki-energia biltzeko poligono handi bat instalatzea aurreikusten ari dira, Azkoienen eta Andosillan hain zuzen, 600 hektareatik gorako lursail naturala okupatu nahi duena.

Proiektu hauek guztiek ez dutela zentzurik salatu dute: “Nafarroan kontsumitzen dugun elektrizitatearen %46 berriztagarria da, eta aurreko urteetan ehuneko hori are handiagoa izan da. Gaur egun Nafarroan energia berriztagarriek pisu handia dute, eta neurri handi batean, esportatu egin behar da. Izan ere, 2019an Nafarroak ekoitzi zuen elektrizitatearen %30 esportatu zuen, eta ehuneko hori gero eta handiagoa izanen da, instalatu nahi diren proiektu guztiak aurrera eramaten badira”.

Nafarroak elektrizitatea esportatzen du

Muineko arazoa da, Sustrairen esanetan, Nafarroan kontsumitzen dugun energia guztiaren %21 baino ez dela elektrizitatea, gainerakoa fosila da, eta ez dago inolako plangintza garrantzitsurik kontsumo hori elektrikoa izan dadin. Horregatik, haien ustez, Nafarroan jatorri berriztagarriko elektrizitate kantitate gehiago ekoizteko instalazio hauek ezartzeak gutxi lagunduko die klima aldaketari eta energia fosila erauzteko gailurrari: “Enpresa eta pertsona batzuen poltsikoak are gehiago gizentzeko baino ez dute balioko".

Horregatik guztiagatik, Nafarroako eta Estatuko gobernuei eskatzen die proiektu hauen moratoria orokorra eta behar dugun energia-ereduari buruzko hausnarketa eta plangintza demokratiko egokiak egin ditzatela, honako printzipio hauetan oinarrituta: kontsumoen murrizketa, energia aurreztea, ekoizpen deszentralizatua eta azken kontsumo-lekuarekiko hurbiltasuna, non udalek eta kontzejuek, beren biztanleekin batera, haien planifikazioaren eta garapenaren jakinaren gainean egon daitezen, natura-ingurunea eta herri-ingurunea gure lurraldean gertatzen ari diren diru-gose eta espekulazio erasoetatik babestuz.