argia.eus
INPRIMATU
Eguzki: “Errekari behar duen espazioa eman behar zaio, gainez egin ez dezan”
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2013ko urtarrilaren 18a
Ondarruko Alleri auzoa 2009an

Uholdeak fenomeno naturalak diren heinean ezin dira kontrolatu. Gero eta gehiago izateko arriskua dagoela adierazi du Eguzkik. Itsasoaren maila gero eta altuagoa izateak ere eragina izango du horretan. Horiek saihesteko padurak berreskuratzea beharrezkoa ikusi dute ekologistek.

“Padurari urteetan kendu zaizkion lurrak itzuli behar zaizkio eta errekari behar duen espazioa eman, gainez ez egiteko”, adierazi dute. Baina horretarako lurra kendu eta filtrazioak egin beharko lirateke.

Ondarroan erreka estutzen duen obren adibidea jarri du taldeak. Duela bi egun izandako euriteak ibaiak gainezka egitea ekarri zuen Alleri auzoan. Toki berean 500 etxebizitza eraikitzeko plana zegoen, baina herritarren salaketei esker ez dira eraiki. Plana aurrera atera izan balitz etxebitzitza eta familia ugari egongo lirateke urez gainezka momentu honetan.

Hala ere, Bizkaiako Aldundiak ez du guztiz debekatu lurrak bertan eraikitzea, horregatik talde ekologistak eskatu dio landa eremu bilaka dezala. “Padura berreskuratu eta zaintzea etorkizuneko inbertsioa da”, azpimarratu dute.