argia.eus
INPRIMATU
Egurra, errautsa eta tipula
  • Makina bat lagun damutuko da. Garai bateko etxea berritu eta beheko su bajua, ekonomika, ogi-labea eta abar kendu izanaz urrikituta entzungo dugu bat baino gehiago. Egurrarekin eta ikatzarekin aurrera eta atzera ibili beharrik ez, ke usainak kanpora, kedar zikina uxa; garbitasunaren izenean sartu ziren suaren ordezko elektrizitatea eta gasa gure sukaldeetan. Porru-jorra ederra. Orain etorri dira hilero ehunka eurotan neurtzen diren porru-hazi ederrak. Makina bat damutu da, bai; ez dezagun, baina, zuhaitz eroria ezpalkatu.

Jakoba Errekondo 2022ko abenduaren 22a

Hala ere, negua berotzeko sutako egurra gero eta gehiago erabiltzen da; baita urte guztian ura berotzeko ere. Suak gero eta itxi, garbi eta eraginkorragoak dira, behekoak bezala ekonomikak. Etxearen kanpoaldean jartzen diren galdarak ere ugaritzen ari dira.

Hiru moldetako su egurra erabiltzen da. Galdara automatizatuak ezpalarekin edota peletarekin elikatzen dira. Eskuz elikatzen direnak eta su gehienak, su egurrarekin. Egurraren ordezko erregaiak ere hedatzen ari dira, fruituen hezurrak adibidez: gereziarena (Prunus avium), olibarena (Olea europaea), albertxikoarena (Prunus armeniaca), mertxikarena (Prunus persica)… Fruituen hezurrak ez ezik azalak ere erregai oso onak dira: hurra (Corylus avellana), intxaurra (Juglans regia), arbendola (Prunus dulcis), pinazia (Pinus pinea) eta pistatxoa (Pistacia vera). Azken horiek biltzeko kraskagailuak koipeztatu beharko ditugu. Egurretarako, egurgintzan ari diren egurgile eta aizkolariak ugarituko dira. Gai horien prezioak etengabeko ikaragarrizko gorakadan bizi dira azkenaldian. Hasten ahal gara mendiari eta basoari beste era batera begiratzen!

Hezur, azal eta egur erretzean errautsa da sortzen den hondakin nagusia. Errautsak ez gaitu berotuko, baina lurreko bizia bai suspertuko du. Kaltzioa du osagai nagusia, kareak bezala, eta haren lanak ordezka ditzake. Era berean beste elikagai batzuk ere baditu: potasioa, fosforoa, magnesioa… Denak onak lurra ongarriztatzeko.

Egurraren hondarra lurrari bueltan emateko sasoiko lantxo bat: garai honetan tipula (Allium cepa) landatzen ari gara eta, errautsa eta urarekin prestatutako ore arin batean sustraiak bustiz gero, sustraien eta lurraren arteko ukitze azalera hazi egiten da eta landaretxoak errazago itsatsiko dira. Gero errautsak tipula elikatuko du. Eta gu.