Ustezko delituak preskribituta daudela argudiatuta itxi du Egunkariaren auzi auzi ekonomikoa epaileak. Fiskalak bost egun eskatu ditu alegazioak jartzeko. Guardia Zibilak Egunkariaren kontrako bigarren operazioa egin eta hamaika urtera dator auziaren itxiera.
Auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten apirilaren 7an Donostian, eta defentsak preskripzioagatik kasua ixteko eskatu zuen, zigor eskaerak mantentzeko fiskalaren jarreraren aurrean. 9-18 urte arteko espetxe zigorrak eta 221 milioi euroko isun ekonomikoak galdegiten zituen fiskalak Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi akusatuentzat.
Juan del Olmoren akusazioa
Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen agindupean egin ziren Egunkaria auziko bi operazioak, eta ekonomikoaren kasuan inplikatu zituzten lagunentzako akusazioa zen Euskaldunon Egunkariaren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzak jasotzeko iruzurra egitea.
Lau urte dira Egunkaria auziko sumario nagusia artxibatu eta akusatuak absolbitu zituztela, eta horren ondotik pasa zuten auzi ekonomikoa Madrildik Gipuzkoako Lurralde Auzitegira, eta Dignidad y Justicia elkartea ere auzitik kanpo utzi zuten.