argia.eus
INPRIMATU
Txefi Roco, 'Hiedra/Huntza' proiektuko kidea
“Egungo sistemaren harresiak errotik eraitsi nahi ditugu”
  • Hiedra/Huntza aldizkari eta irratsaioak idatzizko lau ale eta sei entzunezko saiotan Mundubat mugimendu transfeministaren baloreak eta ideiak zabalduko ditu.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko urriaren 10
Txefi Roco

Bidean aurrera doa, deia eten egiten da tuneletatik igarotzean, bideak ez baitu etenik. Mundubat fundazioaren bideak bezala. Behin ereindako haziak, apurka komunikabideetan errotu nahi dituzte. Jaioberri den Hiedra/Huntza irratsaio eta aldizkari transfeministaren atzean dagoen kideetako bat da Txefi Roco (Salta, Argentina, 1979). Feminismoa erdigune, berau inguratzen dituzten gai ugari azaleratuko dituzte aldizkari eta irratsaiotan. Aldizkariak lau ale izango ditu, urtaro bakoitzeko bat, eta lehen alea egina dute. Lehen irratsaioa Gasteizko Hala Bedi irratiaren estudioan grabatu berri dute.

Nola sortu zen Huntza proiektu berri hau?

Huntzako kide asko ekonomia feministaren lehen eskolatik hurbildutakoak dira, 2014an antolatu genuena. Marienea izena duen emakumeen etxean, Basaurin (Bizkaia) hasi ginen elkartzen, eta 2016an Mundubat elkartetik ekonomia feminista ez ezik, zaintza ekonomiaren alorra ere lantzen hasteko aukera ikusi genuen. Bilbon eta Donostian formakuntza tailer eta ekintzak egin genituen. Hortik aurrera, proiektu hau sortzearen aukera azaldu zen. Hortik dator Huntza irrati eta aldizkari transfeminista.

Nondik dator Huntza izena?

Sekulako eztabaida izan genuen izen horrekin, ia elkar akabatu genuen. Baina guretzat ez da txorakeria bat izena hautatzearen kontua, azken batean fokoa non jartzen duzun ere irudikatzen duelako. Huntza itxuraz landare ahul bat da, baina landare horren sustraiak lurra, ura edo airea iristen ez den tokietara heldu daiteke. Arrakaletatik eta harresietatik igarotzen dira, denbora luzaroan irauten dute. Ahulak diruditen arren, landareari tira egitean sekulako indarra du. Eraikin abandonatuetan ikus daiteke nola eusten dituzten hormak. Huntza zabaldu egiten da baita, zailtasun oro gainditzen du nolabait. Guk, huntzaren antzera, egungo sistemaren harresiak errotik eraitsi nahi ditugu. Gainera, urtaroak igaro ahala, huntzaren kolorea aldatzen doa: gorrixkara, horixkara, berdea… Kide batzuek esaten dute guk geuk ere pixka bat huntzaren izaera dugula, eta asko gustatu zitzaigun metafora.

Eta zein izan zen irrati bat eta aldizkari bat egiteko egin zenituzten formakuntzak?

Eskolen bidez asko landu genuen ikasketa publikoaren ezaugarria, hau da, denok dugu zerbait ikasteko, eta jakintza mailak ez du jendarteko hierarkizazio bat egiteko bidea izan behar. Batzuetan simetria kasuak eman dira, norbaiti jakintza baten ezagutza aitortzen zaionean. Proiektuan adibidez zazpi ikertzailetatik bost tabernariak ziren, inork ez zuen komunikabideen inguruko jakintzarik, inor ez zen ikerlaria. Apenas geunden esparru honen ezagutza minimo bat genuenak, eta genekienok era oso lauso batean. Baina apurka-apurka lantzen hasi, ildo editorial bat markatu, elkarrizketa eta analisien lanketak… eta kolektiboki diskurtso bat landu genuen. Denok ginen horrela protagonista, denok hartu genuen parte. Gai batzuk gaizki landuak, eta tratamendu batzuk izan dituztela uste dugu. Erronka bat zen guretzat narratiba bat lantzea agenda publikoan, edo behintzat mahai gainean jarriko genuena emakume prekarizatu, migratzaile edota noizbait egoera zaurgarri batean bizi izan garen gisan. Bestalde, ahotsa altxatzeko ariketa on bat iruditzen zaigu, gaitasun kritiko bat barneratzeko, geure diskurtso bat, eta hausnarketa gaitasuna eraikitzeko.

Formatu bera landuko al duzue bi komunikabideetan?

Bai, aldizkarian landutakoa  irratsaioetan era berean landuko dugu. Izen berbera izango duten sekzioak egingo ditugu, eta jorratzeko era antzekoa izan dugu, bai irratian, baita aldizkarian ere. Egingo ditugun eztabaidetan elkar-erakustea eta ikasketa eraikitzaile bat sortzea ere bada helburuetako bat.

Aldizkarian ez dago sinadurarik duen artikulurik. Zergatik?

Artikuluak eta testuak banaka, binaka zein taldeka idatziak dira, baina egia da idazle anonimoak dituztela. Testuak, nahiz eta talde txiki horiek idatzi, talde handiak borobiltzen du, egiten dugun batzar batean, eta oso ariketa polita da.

Zer moduz joan zen praktika hori lehen ale eta irratsaioetan?

Sekulako erronka zen guretzat, urduritasun handia geneukan, inork esan zuen “ez naiz gai hau egiteko”. Baina lanean hasi ginen, hemerotekak begiratu, efemerideak bilatzen, martxoaren 8ko egunaren historia bilatzen, elkarrizketak egiten… Hutsetik lanean hasi diren emakume langileek beste emakume langile batzuekin egindako elkarrizketetan hartu-eman oso interesgarria egon da, eta aberasgarriak izan dira gerturatze horiek, konplizitate bat sortu delako elkarrizketatzailearen eta elkarrizketatuaren artean. Egunaren amaieran jakitun ginen hori guztia aurrera eramateko kapazak izan ginela. Espero dugu apurka bidea egiten joatea eta esperientzia hartzea. Jada aldizkariaren bigarren aleari forma ematen ari gara.

Alderik nabaritu duzue aldizkaria egitetik irratsaiora egitera?

Irratiak, aldizkariaren aldean, etxeetan giltzapetuta eta irratia piztuta duten etxeko emakume langile horiengana heltzeko aukera ematen dizu. Haiengana ere heldu nahi dugu. Geure saioa entzunda, beraien barrenak askatzea bilatzen dugu, noizbait beraien isiltasuna hautsi eta arazoen berri emateko.

Anonimotasunean bizi diren emakumeek bere lekua izango dute.

Bai, nahi duenak deitu dezake programara. Liz Quintana lankidea izateaz gain, abokatua ere bada, eta bere laguntza izango dugu entzuleei zuzenduko garen sekzio batean. Emakume anonimoek dituzten galderak edo arazoak azal ditzakete, edozein urradura edo indarkeria kasuren berri eman dezakete. Nahi duenak, noski, bere izena emango du, eta nahi duenak ez. Asmoa biktimari nola defendatu edo egoerari nola aurre egin aholkatzea da. Horrez gain, biktimen testigantzak isilik mantentzen ari direnak kontatzera animatzeko balio izatea nahi genuke, uste dugu posible dela emakumeek pausu bat ematea, eta isilik egotetik, beraien arazoak eta esperientziak kontatzera igarotzea.

Nola lortu zenuten Hala Bedi irratiarekin proiektu hau?

Gure lankide Tania Cañas kolaboratzaile bezala aritzen da Hala Bedin, eta bere bitartez sortu zen aukera. Guretzat eskertzekoa da, badakigulako zeinen zaila den gune autogestionatu bat edukitzea, eta Hala Bedik horrela funtzionatzen du.

Lau aldizkari eta sei irratsaio. Eta ondoren?

Momentuz oraingoa [barrez]. Pausorik pauso joan gaitezen. Lehen irratsaioarekin denek gozatu zuten. Aldizkariaren ale bat argitaratu dugu jada, Mundubat fundazioaren webgunean irakur daiteke. Podcastak ere egin ditugu, eta Euskal Autonomia Erkidegoan entzun daiteke gure saioa. Noski, gustatuko litzaiguke proiektu honek jarraipen bat izatea plataforma hauetan. Grabaketak, aldizkarien lanketa eta, orokorrean, proiektu honek eskatzen duen militantzia maila zaila da. Proiektuko kideko asko bilbotarrak dira, eta Gasteizeraino joan behar izaten dira beraien ordu libreetan, irratsaioak grabatzeko. Ez dugu nahi proiektuak gure bizitza jatea. Momentuz, goza dezagun honetaz