argia.eus
INPRIMATU
Egungo ikurren legea ordezkatuko du aldaketaren gobernuak Nafarroan
  • Nafarroan 2003tik indarrean dagoen Ikurren Legea baliogabetu egingo du foru gobernuak, hura sostengatzen duten lau indarrek (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra) hala adostu eta gero. Zigorrik eragingo ez duen lege berria sortzeko prozesu parte hartzailea iragarri dute.

ARGIA @argia 2017ko otsailaren 07a
Ikurrina 2013ko sanferminetako txupinazoan.

Indargabetuko den legeak isunak eta bestelako zigorrak aurreikusten ditu legearen testua bertan Nafarroako “berezkotzat” onartuta ez dauden banderak eraikin ofizialetan paratzen dituztenentzat. Funtsean, ikurrina udalen balkoietan jartzea eragozteko UPNk bultatutako araua da, eta hainbat jazarpenen iturri izan da indarrean sartu zenetik.

Erakunde publikoek legez erabili ahal izan dituzten banderak Nafarroakoa, Europar Batasunekoa, Espainiakoa eta udalarena izan dira. Aldaketaren lau alderdiek bestelako ikurren erabilera normaldua bermatu nahi dute legea aldaketarekin; eta bereziki ikurrinarena. “Identitate guztiak kontuan izatea” izango da helburua, haien esanetan.

Adierazi dutenez, beste ikur lege bat sortzeko parte hartze prozesu bat jarriko dute abian. Aurretik, ordea, oraingoa kentzeko prozedurari ekin beharko dio gobernuak. Indargabetzea hilabete edo hilabete eta erdian burutzea espero dute. Legerik gabeko bitartean, Foru Hobekuntzak dioena izango da araua. Alegia, Nafarroako ikurrak armarria –“antzinako Nafarroako Erresumaren sinboloa”– eta erdian armarri hori duen bandera gorria direla.