argia.eus
INPRIMATU
Alazne Intxauspe (EHNE Bizkaia):
“Eguneroko jatekoa erostea ekintza politikoa dela ikusarazi nahi dugu”
  • “Elkarte txikia gara eta guretzat erronka handia da nazioarteko konferentzia hau antolatzea, baina gure errealitatea ikusarazteko aukera bikaina ere bada”, esan digu Alazne Intxauspe EHNE Bizkaia sindikatuko kideak, La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarra inauguratu eta ordu gutxira. “Elikadura osasungarria denon eskubidea da”, azaldu du Intxauspek, “eta herri bakoitzak zer elikadura nahi duen erabakitzeko eskubidearen jabe izan behar du”.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko uztailaren 20a
“Politikak, azken batean, elikadura osasungarrirako eskubidea bermatu behar du”, dio Intxauspek. (Arg. Aritz Loiola)

Intxausperen berbetan, elikadura burujabetza ez da lortuko jendarte osoaren inplikazioarekin ez bada, are gutxiago elikagai ekoizleak, nekazariak eta arrantzaleak, gutxiengoa diren Euskal Herrian. “Eguneroko jatekoa erostea ekintza politikoa dela ikusarazi nahi dugu”, dio. Horregatik, beste eragile sozialekin elkarlanerako ematen ari diren pausoak garrantzitsutzat jotzen ditu EHNE Bizkaiako ordezkariak: “Bereziki, guretzat estrategikoa da Eskubide Sozialen Kartaren bidez sortutako aliantza. Bestalde, apirilean elikadura osasungarrirako eskubidearen aldeko manifestua kaleratu genuen gehiengo sindikalarekin batera, gaia agendan egon dadin beste urrats bat izan zen”.

Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Aldundiko ordezkariek ere hartu zuten hitza La Via Campesinaren Biltzarraren inaugurazioan. “Errealistak gara, eta badakigu ildo nagusiek, aurrekontuek… ez dutela bat egiten guk defendatzen dugun nekazaritza motarekin”, dio Intxauspek, “edozein kasutan elkarrizketa egon badago eta honek betiere kalte baino mesede gehiago egingo du hori indartze aldera”.

Politika publikoak udal eta eskualde mailan ere ematen direla gogorarazi du andoaindarrak, eta alde horretatik azken boladan “oso esperientzia interesgarriak” abiarazi direla azpimarratu du. “Politikak, azken batean, elikadura osasungarrirako eskubidea bermatu behar du”, berretsi du.