Otsailaren 20an beteko dira 20 urte Euskaldunon Egunkaria Guardia Zibilak indarrez itxi zuenetik. “Euskarazko egunkaria itxi duzue baina hemen gaude”, halaxe erakutsi zuten biharamunean Egunero argitaratuta. Bertako zazpi langile elkarrizketatu ditu Muruak, eta bere esperientzia gehituta osatu du liburua.
Egunero “egunkari prekario eta ez normala” izan zela gogorarazi dute Egunero behar genuen liburuaren aurkezpenean Imanol Murua Uria egileak, Irune Lasa Euskaldunon Egunkariko, Eguneroko eta Berriako kazetariak, eta Martin Anso editoreak. Lehen biak lanean ari ziren 2003an guardia zibilek Andoaingo egoitzan indarrez sartu eta zenbait lagun atxilotu zituztenean. Gogoan dute segidan elkartu zirela Egunkariko langileak, eta denek argi zutela biharamunean ere zerbait argitaratuko zutela. Hori izan zen Eguneroren hasiera, eta Berria sortu arte iraun zuen, lau hilabetez.
Otsailaren 20ko urteurrena baliatu du Muruak Egunero behar genuen liburua kaleratzeko, Berria, Jakin eta Elkarren Aleka bildumaren baitan. “Eguneroren jaiotza eta heriotza Egunkariaren parte dira, horregatik ikusten diot zentzua orain argitaratzeari”. Azken urteetan gaiari lotuta plazaratu diren lanei erreferentzia egin die: “Puzzlea pixkanaka osatzen ari gara, eta lan hau beste pieza bat da”.
Ansok ziurtatu du merezi zuela “mirari txiki hori”, Egunero, gogoratzea, “taxuz eta bizi-bizi, Imanolek egin duen bezala”. Muruak Eguneroko zazpi langile elkarrizketatu ditu, eta bere bizipenak tartekatuta josi du liburua. Kazetariez gain bestelako langileen kontakizunak ere bildu ditu, “egunkari bat egiteko behar den lan guztia kontuan hartuta”. Eskerrak eman dizkie horiei, duela hamahiru urte elkarrizketatu baitzituen, eta esandakoa orain argitaratzeko erabiltzen utzi diotelako.
Egunkariaren itxieraren osteko erantzunean, “gakoa izan zen Egunero”, aurkezpenean azaldu dutenez. “Espainiako Auzitegi Nazionalari eta Guardia Zibilari esan genien: ‘Euskarazko egunkaria itxi duzue baina hemen gaude’”. Behin-behineko egunkariaren garrantzia azpimarratu dute, katebegi izan zelako: “Euskal egunkariak etenik ez izatea lortu genuen”. Halere, jakitun ziren egunkari prekarioa eta ez normalizatua zela, “nekez egin zitekeelako egoera hartan egunkari normalik”, Ansok berretsi duenez.
Lasak zehaztu du euskal kazetaritzako “erresilientziaren ikurra” dela Egunero. Muruak gehitu du hiru osagai izan zituztela argitaratzerakoan: atxikimendua, elkartasuna eta amorrua. Hortik atera zen “inoiz gehien saldu den euskarazko egunkaria”. Azaldu dute jendearen laguntzak bultzada handia eman ziela, eta ez dutela ahaztuko, besteak beste, Donostian egin zen manifestazio jendetsua.