Salatutako kasuak kontuan hartuta, 215.000 sexu eraso izan ziren kontinente zaharrean duela hiru urte. Horietatik 80.000 bortxaketak izan zirela zehaztu du Eurostatek; hamar biktimetatik bederatzi emakumezkoak izan ziren eta erasotzaileen %99 gizonezkoak.
Datu hauek ikuspegi zabal bat ematen badute ere, gertatutako eraso “guztiak” ez dituztela bildu zehaztu du Europako estatistika batzordeak. “Biktimek salatutako kasuak dira, baina badakigu indarkeria kasu gehiago izan zirela”.
Ingalaterra eta Gales dira eraso gehien izan zituzten herrialdeak. Bien datuak kontuan hartuz, orotara 64.500 salaketa erregistratu zituzten. Horietatik 35.800 bortxaketa kasuak izan ziren, kopuru osoaren %55.
Frantzian ere emakumeen aurkako indarkeriaren zifrak esanguratsuak dira: hamar erasotatik lau bortxaketak izan ziren. Aldiz Alemanian, hamarretik bi izan ziren bortxaketak.
Espainiako Estatuan datuak ez ziren hobeak izan: 9.107 sexu erasotatik 7.577 kasutan emakumeei egin zieten eraso. 1.511 kasu dira ordea, gizonezkoak biktima gisa agertzen diren salaketak. Hala ere, gainontzeko herrialdeetan bezala, erasotzaileak gizonezkoa izan zirela dio Eurostatek.