argia.eus
INPRIMATU
Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek
  • Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.

Olaia L. Garaialde 2025eko apirilaren 25

Uribe Kostako herritarrek eta zaintza arloan aritzen diren eragileek indarrak batu eta eguneko zentro publiko baten beharra nabarmendu dute. 2015eko urriaren 26ko Gizarte Zerbitzuen Zorroaren Dekretuaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio bigarren eta hirugarren mailako mendekotasuna duten pertsonentzako eguneko zentro bat eraikitzea. Apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako Udaletxeko plazan elkarretaratzea eginen dute.

Aldarrikatzen dute eguneko zentroa behar bat izateaz aparte, eskubide bat dela: “Gure komunitateak interes pribatuetatik kanpo egongo diren kalitatezko zerbitzu publikoetara sarbide izateko eskubidea dauka”. Gaineratu dute eguneko zentroa “nahitaezkoa” dela bizitza osoan zaintza duina emateko, baina sare publiko komunitario “sendorik gabe”, eskubide hori urratzen dela. Gainera, zaintza lanen ardura bereziki emakumeen gain erortzen dela diote, eta zerbitzu pribatuetan azpikontratatzeak sektore feminizatuak “prekarizatzen” dituela.

Mankomunitatearen arabera, Uribe Kostako biztanleria zahartze prozesuan dago. Horregatik, eguneko zentroak “ezinbestekoak” dira pertsonen autonomia bermatzeko, prebentziorako eta familien kontziliaziorako. 2024ko urriaren 2an, mankomunitatea Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako departamentukoekin bildu zen Sopelan daukaten lokal bat eskaintzeko. Helburua zen bertan zerbitzua eskaini ahal izatea, baina eguneko zentroen eredua aldatu denez ideia hori ez dute gauzatu.