argia.eus
INPRIMATU
Caminando Fronteras-en txostena
Eguneko sei pertsona hil dira Afrikatik Espainiara doazen migrazio-bide nagusietan 2018tik
  • Caminando Fronteras kolektiboak argitaratu berri duen txosten baten arabera, 11.286 pertsona hil dira azken bost urteetan Europako Mendebaldeko muga gurutzatzeko ahaleginetan.

IƱaki Agirre @ikiagirre 2022ko abenduaren 20a
Argazkia: Espainiako Guardia Zibila

Azken urteetako etengabeko tragediari zifrak jarri dizkio gaur Espainiako Caminando Fronteras kolektiboak osatu duen Vícitmas de la necrofrontera 2018-2022 txostenak (hemen PDFan): azken bost urteetan, 11.286 pertsona hil dira Afrikaren eta Europaren arteko mendebaldeko muga gurutzatzen duten migrazio-bide nagusietan; hau da, sei heriotza egun bakoitzeko.

Ikerketa lana Kanarietako, Gibraltarko itsasarteko, Alborango eta Aljeriako itsasbideak eta Ceuta eta Melillako hesiak monitorizatuz egin dute, eta egileek nabarmendu dute bide horietatik hilkorrena Kanarietakoa izan dela, 7.692 heriotzarekin. Halaber, zehaztu dute hildako pertsonen artean 31 jatorri ezberdin daudela, baita haien artetik 1.272 emakumeak eta 377 haurrak direla ere.

Txostenaren aurkezpenean, datu lazgarriak egoeraren irakurketa gogorrarekin lagundu dituzte Caminando Fronteraseko kideek, Espainiako Estatuaren eta Europako Batasunaren migrazio politikak zuzenean seinalatuz:

“Txosten honetan aurkezten diren datuek erakusten dute 11.286 pertsona horien bizitzak ez direla kasualitatearen ondorioz galdu, XXI. mendeko migrazio sistema globalen eraikuntzaren oinarria den nekropolitika egituratu eta sostengatu baten ondorioz baizik”.

Migrazio politika horien bitartez, muga gurutzatu nahi duten pertsonak “zaurgarritasun estrukturalean” kokatzen dituztela salatu dute txostenean, jatorrizko herrialdetik kanporatuak direnetik eta trantsizio prozesu osoan zehar ezartzen zaizkien baldintzek “bizitza galdu dezatela eragiten” duela argudiatuz.

“Bost urte hauetan, Espainiako Estatuak migrazio politiken aldebiko sistemak ezarri ditu modu arbitrarioan Maroko, Aljeria, Mauritania eta Senegal bezalako herrialdeekin lankidetzan, mugitzen ari diren pertsonen eskubideen babesa nabarmen murriztuz”, azaldu dute.

Gainera, Europaren Mendebaldeko muga horretan hildako pertsonen gehiengoa desagerturik dagoela gogoratu dute txostenaren egileek (azterturiko epean 241 ontzi desagertu dira, horietatik inor bizirik atera gabe). “Heriotza sistema horrek biktimen existentzia nahita ukatzea ahalbidetzen du”, azpimarratu dute.