Hego Euskal Herrian eguneko 267 lan istripu izan ziren 2015ean, LABek aurkezturiko txostenaren arabera. 2014ko datuekin alderatuta, lan istripuak %8,7 hazi direla nabarmendu du sindikatuak.
Modu berean, 6 egunean behin pertsona bat hiltzen dela; edota lanaldi bakoitzean, jarduerak eragindako 12 gaixotasun atzematen direla diote datuek. Horiek izan ziren, besteak beste, Lan Osasun arduradun Ibon Zubielak eta Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiak atzoko Iruñeko agerraldian eskainiriko datuak, “Lan istripuak eta gaixotasun profesionalak 2015” txostenaren aurkezpenean.
“Prekarietatearen hazkundea eta prebentzio neurrietan ez inbertitzeko erabakiak hartzen direnean, badakite berorien eraginak zeintzuk izango diren”, salatu du Ainhoa Etxaidek. Horri lotuta, idazkari nagusiak adierazi du “enpresariek beren etekinak gehitzeko darabiltela prekarietatea, horrek izango dituen eraginak ezagutu arren”.
Erantzun eske
LABek erantzun bat exijitu die Hego Euskal Herriko entitate publikoei. Alde batetik, “erabakiak har ditzatela”, eskatu die Osalani zein Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari. Bestetik, Gasteiz eta Iruñeko gobernuentzat ere izan du mezurik: “Patronalari behingoz esan diezaiotela egoera onartezina dela, eta auziari aurre egiteko neurriak aurkeztu ditzatela”.
Honako grafikoa aurkeztu du sindikatuak, lan istripuei lotuta: