argia.eus
INPRIMATU
Adin txikiko kirolariei egindako indarkeria
“Egunean hirutan bortxatzen ninduen Geddes entrenatzaileak”
  • Frantziako estatuan 600 kirolarik salatu dituzte sexu erasoak: tenislariak, patinatzaileak, judolariak, atletak... Duela 20 urtekoak dira lehen salaketak, baina asko egungoak dira, hain zuzen 107 salaketa dira 2020-2021 denboraldikoak. Horietatik %70 emakumezkoek jasan zituzten eta %84 adin txikikoak ziren erasoak pairatu zituztenean. Azken asteotan Frantziako legebiltzarrak komisio bat sortu du gaia aztertzeko eta Angelique Cauchy tenislariak bertan egin ditu adierazpenak.

ARGIA @argia 2023ko irailaren 14a
Angelique Cauchy tenislaria Frantziako legebiltzarraren komisioan adierazpenak ematen. Ondoko argazkian (iturria: Le Parisien) 400 aldiz bortxatu zuen Andrew Geddes entrenatzailea.

Angelique Cauchy tenislariaren testigantza gordina entzun da Frantziako legebiltzarraren komisioan. Azaldu du nola egin zuen Andrew Geddes entrenatzaileak pixkanakako prozesua, tenislari gaztea 400 aldiz bortxatzera iritsi arte: behin entrenatzailearen etxean lo egiten geratu zela, entrenatzaileak gurasoei argudiatu zielako ez ziola denborarik ematen kirolari gaztea etxera eramateko, "eta gurasoek ez zuten uste ezer gaizki irtengo zenik". Pixkanaka ohiko bihurtu zen kirolaria entrenatzailearen etxean lotan geratzea. Hasierako gauak lasaiak izan ziren, "bere gela utzi zidan eta berak salan egiten zuen lo" baina egun batean "ipuin bat kontatzen utziko zion" galdetu zion 12 urteko gaztetxoari, eta pixkanaka gero eta denbora gehiago ematen zuen lo hartu aurretik neskaren gelan, eta besarkadak ematen hasi zen, edo bizkarrean masajea emateko eskatzen zion: "Gauza horiek hain pixkanaka egiten joan zen, ze nahiz eta banekien ez zela normala, eta ez nuen gertatzerik nahi, ez nekien zein momentutan esan gelditzeko. Bakarrik nengoen, etxetik urrun, eta 12 urterekin ez zara gai heldu bati fisikoki eta psikologikoki aurre egiteko... are gutxiago miresten eta errespetatzen duzun norbait bada, eta batez ere pentsatzen baduzu pertsona horrek lagundu ahal dizula zure ametsak lortzen. 15 egun horiek nire bizitzako okerrenak izan ziren. Egunean hirutan bortxatzen ninduen".

Psikologikoki ere zanpatu zuen entrenatzaileak, hiesa kutsatu ziola sinetsarazi baitzion. Azaldu du bere buruaz beste egitea pentsatu izan zuela.

Kirolean indarkeriak duen zigorgabetasuna

Tenis munduan entrenatzaile horrek izan duen inpunitatea ere salatu du Cauchyk: “Omertá moduko bat zegoen, nahiz denek jakin egiten ari zena susmagarria zela. Nola ez zeuden seguru, beren buruei esan zieten afera ez zegokiela haiei, gurasoei baizik. Baina akatsa da umeak ez babestea”. Emakume batek gaia atera zion klubeko lehendakariari, baina erantzun hau jaso zuen: “Bai, baina tituluak ekartzen dizkigu”.

Egun Andrew Geddes 18 urteko kartzela zigorra betetzen ari da, 12 eta 17 urte bitarteko lau tenislari bortxatzea egotzita.

* Irailaren 24ko astekarian, erreportaje nagusian landuko dugu adin txikiko kirolariek bizi duten indarkeriei aurre egiteko EAEn indarrean sartu den legea eta kirol taldeen esku jarri den protokoloa, kirol eremuko eragile guztiek neurriak hartu ditzaten eta gaiari ezikusia egiteari utzi diezioten.