argia.eus
INPRIMATU
Egunean Behin jokoaren galesezko bertsioa kalean da: Cwis Bob Dydd
Sustatu 2022ko azaroaren 14a

Gales eta Euskal Herria ia berdinak dira azaleran (20.000 km2 pasatxo) eta biztanlerian (3.1 milioi biztanle pasatxo), baina haien herria egitura autonomiko bakar bat da Erresuma Batuan, nazio izen ezagutuarekin gainera. Galeserazko hiztunak 750.000 dira, euskaraz mintzo direnak baino gutxixeago estatistiken arabera, baina egoera soziolinguistiko eta diglosiko bertsuan. Ingelesetik distantzia linguistiko handia duen hizkuntza da gainera, ulermenerako opakoa, ez katalanaren eta gaztelaniaren artean gertatzen den bezala.

Kontestu horretan, euskaraz Egunean Behinek arrakasta izan duela ikusirik, amua bota genuen Gales aldera egoera bertsuan jokoak han ere arrakasta eduki dezakeelakoan. Hipotesia frogatu gabe dago, noski, baina S4C telebistaren babesa lortu du ideiak, eta hala garatu da, azken hilabeteetan, Cwis Bob Dydd joko/aplikazioa.

Duela 10 egun kaleratu zen aplikazioa eta jokoa, radarraren azpiko erdi isilpean, eta gaur atera du prentsa oharra S4C telebistak. Galeserazko telebistako eduki digitaleko arduradun Rhodri ap Dyfrigek esan du: "Espero dugu euskaraz aplikazioak izan duen arrakastatik ikastea, eta eragin bera edukitzea hemen Galesen". Jeremy Miles gobernu erregionaleko Hezkuntza eta Hizkuntza ministroak esan du, bere aldetik: "Galeseraren erabilera areagotu nahi dugun denen artean, egunero; Cwis Bob Dyff aukera atsegina da horretarako; harronago proiektu hau bultzatzearekin eta jendea gonbidatzen dut parte hartzera". Iragarpeneko txio batek Galesko lehen ministro Mark Drakeforden atsegitea ere jaso du.

Mekanika eta itxuran, Egunean Behinekin alderatuta berdina da Cwis Bob Dydd. Edukietan dagoenez muina, galdera sorta batzuk egokitzapen/lokalizazio erraz samar batekin igaro dira bertsio batetik bestera: eragiketa eta segida matematikoak, adibidez, edo munduko banderak, non estatuen izenen itzulpena egitea izan den koxka; edo kontaketa kontuak (hala nola hor goiko irudikoa, non galderen formulazioa itzuli behar izan den). Beste eduki batzuek egokitzapen gehiago eduki dute, baina parekideak dituzte euskaraz: anagramak (letra nahasietatik hitza asmatu) edo letra-zopak kasu.

Eta noski, Galesko pertsonak, bazterrak eta historiako, kulturako edo hizkuntzako datuak biltzen dituzten galdera sorta espezifikoak daude. Adibidez, asma ezazu zein den errugbilari hau:

Lokalizazio lanean, hizkuntza zeltiko honek ekarri ditu aldaketa batzuk. Euskaraz aski da galdetzea "nor da?" edo "nor da kirolari hau?" baina generoa duen hizkuntza da galesa, eta bereizketa egin behar da galderetan.

  • Pwy yw'r chwaraewr yma? (gizonezko kirolariez galdetzekotan)
  • Pwy yw'r chwaraewraig yma? (emakumezko kirolariak)
  • Pwy yw hi? (Nor da, emakumezkoa)
  • Pwy yw e? (Nor da, gizonezkoa)

Galesezko alfabetoak ere eman dizkigu buruhauste batzuk, digrafo batzuk letra bakartzat hartzen baitira eta ondorioz letra zopak pixkat bereziak... hau bezalako proposamenekin:

Gainerakoan, edukiaz gain, aplikazioaren interfazea eta azalpenak ere galesez daude.

Eta izena bera, noski, Cwis Bob Dydd, kasu honetan oso antzeko zentzarekin: Quiz bat egunean (Cwis galesez, ingelesezko Quiz da, galde-erantzunen jokoa alegia).